Josu Juaristi (Azkoitia, 1964) Europako parlamentaria da herenegundik. EH Bildurekin, Herriek Erabaki koalizioaren ordezkaria izango da Bruselan.
Kazetaria ofizioz, sarri izan da Bruselan Gara egunkariaren berriemale bezala. Gertutik ezagutzen du Europako Batasuna, maiz egon baita Parlamentuko, Batzordeko eta Eropako Kontseiluko bilkuretan eta jardunaldietan. Abantaila izango du horretan Juaristik, datorren astetik bertatik Brusela izango baitu lantoki.
Oso emaitza onak izan ditu EH Bilduk. Esperotakoak izan al dira?
Ni beti izan naiz baikorra, nahiz eta jakin hitzordu zaila eta konplexua zela guretzat. Eserlekua lortzeko boto kopurua garestitu egin da, gainera, eta zaila zela bagenekien, baina oso gustura gaude gure emaitzarekin. Hego Euskal Herrian lehenak izan gara eta Herriek Erabaki koalizioak lortutako emaitzarekin ere oso gustura gaude.
Alderdi txikiek gorakada nabarmena izan dute, nola interpretatzen duzue hori?
Gure ustez gizartea nazkatuta dago leku askotan egon den eredu ekonomiko, sozial eta politiko ustel honekin, eta horren erantzuna da neurri handi batean alderdi txikien gorakada. Jendeak beste politika bat nahi duela ikusten da, politika egiteko beste modu bat nahi duela; eta azkenean, horrek ekarri ditu izan diren emaitzak. Eskuineko eta alderdi sozialista batzuen beherakada eta hartu duten kolpea ere zentzu horretan ulertu behar dela uste dugu. Hemengo herrietan, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Euskal Herrian ikusi da jendeak beste zerbait nahi duela: argi gelditu da arlo ekonomikoa, soziala eta politikoa demokratizatu nahi dutela eta hemen bertan erabaki nahi dutela erabaki behar den guztia.
Ahots horiek azaleratzen saiatuko zarete Bruselan, ezta?
Bai, gure ahotsa ezkerreko beste ahots batzuei batu eta ditugun helburuak lortzera goaz. Herritar eta herri bezala dagozkigun eskubide denak lortu nahi ditugu, eta horren alde egingo dugu indarra lehenengo momentutik. Handira jokatzera goaz.
Zein da zure plana orain?
Ezkerreko indarrekin harremanetan ari gara, talde batean ala bestean sartu erabakitzen joateko. Neu ziurrenik datorren astean joango naiz hara. Joan-etorrian ibiliko naiz, aste hasieran joan eta ostegun aldera itzuliko naiz normalean.
Bizimodu aldaketa handia izango da, beraz.
Bai, aldaketa izugarria izango da, niretzat eta familiarentzat, arlo pertsonalean ez baita pertsona baten kontua bakarrik.
Hauteskunde kanpaina bera nola bizi izan duzu?
Luzea eta gogorra izan da kanpaina, baina, aldi berean, oso aberasgarria izan da. Jende mordoa ezagutu dut eta Euskal Herria Bildu barruko lana ere oso intentsoa eta aberasgarria izan da. Oso pozik nago.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide