500.000 euro bideratuko dira Azkoitia eta Azpeitiko sustapen ekonomikorako

Olatz Prat 2014ko maiatzaren 23a

Ekintzailetasuna sustatzeko plangintzak aurkeztu dituzte Iraurgi Berritzenek eta Azpeitiko Udalak. Guztira 500.000 euro bideratuko dituzte erakunde horiek lanpostu eta enpresa berriak sortzen dituztenei laguntzera. Iraurgi Berritzeneko eta Azkoitia eta Azpeitiko udal ordezkariak Iraurgi Berritzenek 150.000 euro bideratuko ditu 2014an Azkoitiko eta Azpeitiko sustapen ekonomikora. Diruz lagunduko dira, bereziki, gizarte-ekonomian eta izaera estrategikoa edo berritzaileak dituzten jarduera berriak eta Azpeitia eta Azkoitian enplegua sortzea dakarten proiektu berriak. Hiru motatako diru-laguntzak emango dituzte Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bitartez:
  • 2.500 €-ko diru-laguntza, edozein izaera juridikopean sorturiko enpresa jarduera sortzeagatik, jarduera burutzen duena pertsona fisikoa edo pertsona juridikoa dela ere.
  • 5.000 €ko diru-laguntza edozein izaera juridikopean sortzen den enpresa jarduera gizarte ekonomiakoa bada (lan elkartuko kooperatibak, lurraren ustiaketa komunitariorako kooperatibak eta lan-sozietateak).
  • Iraurgi Lantzen, SAk izaera estrategikoa edo berritzailea duten jarduerak garatzeko objektu soziala duten enpresa berrien sorrera bultzatzeko laguntza bereziak eman ahal izango ditu, gehienez 10.000 € enpresako. Laguntza hau jasotzeko ez da beharrezkoa izango langabezian izatea.
Enpresek berriak izan beharko dute eta Azkoitian edo Azpeitian eduki beharko dute kokapena eta bere zerga-egoitza, gutxienez urtebeteko epean. Bestetik, proiektu berriak martxan jarri nahi dituztenei bideragarritasun plana egiteko laguntza eskainiko zaie agentziatik, doan. Azpeitian 350.000 euroko diru-poltsa Azpeitiko Udalak, bere aldetik, 350.000 euro bideratuko ditu herriko ekintzailetasun aktiboa sustatzera. Maiatzeko udalbatzan aho batez onartu zuten herritarren ideia eta proiektu berritzaileak laguntzeko aurrekontua. Hala, lau laguntza lerro nagusi ezarri dituzte Azpeitian kokatuta dauden enpresentzat:
  1. Industria proiektu estrategiko edo berritzaileak Jada martxan diren eta 20 langile baino gutxiago dituzten industria arloko enpresei laguntzeko 80.000 euro bideratuko dira. Enplegua sortu edo mantentzera zuzendutako proiektuak lagunduko dira, izaera estrategikoa, berritzailea eta interes publikokoak diren kasuetan (enplegua sortuko duten proiektuak badira, ikerketa proiektuak, berrikuntza eta garapen proiektuak edota merkatu berrietara irekitzeko helburuarekin teknologia eta makineria berrian egindako inbertsioak, besteak beste). Proiektu bakoitzari gehienez 8.000 euro emango zaizkio eta enpresa talde bakoitzeko, gehienez ere bi proiektu lagunduko dira.
  2. Langabetuen formakuntza eta lan merkatuan sartzea erraztea eta aldi baterako kontratupean dauden langileekin lan baldintzak hobetzeko neural Langabetuentzako formazioa eskaintzen duten enpresak diruz lagunduko ditu udalak, ikasle bakoitzeko eta orduko 9 euroko laguntzarekin. Formazio teoriko nahiz praktikoa izango da eta gutxienez 30 orduko iraupena izango du formazio planak. Aldi baterako kontratua duten langileei kontratu finkoak egitea ere sustatuko da, diru-laguntzen bitartez: lanaldi osorako bada 2.000 euro emango zaizkio enpresari eta lanaldi erdira kontratatuz gero, 1.000 euro. Udalak 80.000 euro bideratuko ditu, guztira, laguntza lerro honetara.
  3. Enplegua sortzen duten proiektu ekintzaileak eta izaera soziala duten proiektuak Udalak 35.000 euro bideratuko ditu martxan dauden proiektu ekintzaileei laguntzera, beti ere  elkartasunezko baloreak, komunitatera bideratutakoak edota gizarte-justiziaren arloan lan egiten badute eta enplegua sortzeko asmoa edo beharra badute. Proiektu bakoitzari 10.000 euroko laguntza emango zaio gehienez.
  4. Merkataritza eta lehen sektorearen arloetan enpleguaren sustapena Udalak 40.000 euro bideratuko ditu lerro honetara eta jarduera desberdinak lagunduko dira. Langabezian dauden pertsonak kontratatzeagatik laguntzak emango dira, 600 euro hiru hilabeteko kontratuagatik, 1.200 euro sei hilabetekoagatik). Bestetik, merkataritza arloko lehiakortasuna eta lehen sektorea sustatzeko ekintzak lagunduko dira, online merkataritza martxan jartzea, lehen sektoreko produktuen kontsumoan edota lokalen eraberritzeak edo hobekuntzak, esaterako. Azkenik, merkataritzako eta lehen sektoreko jarduerak Azpeitiko Alde Zaharrean jartzeagatik hobaria izango dute enpresa berriek, proiektuko gehienez ere 3.000 euroko laguntza.
  Laguntza hauen batura 235.000 eurokoa da. Udalak teknologia zentro batekin sinatuko duen hitzarmen baten bitartez, beste 115.000 euro bideratuko dira sustapen ekonomikorako. Datozen egunotan emango du Udalak hitzarmen horren berri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide