Ekarpen gunetarako giltzak banatuko dituzte Zestoan

Ane Olaizola 2014ko maiatzaren 23a

Zestoan hondakinak biltzeko sistema berria jarriko dute datozen asteetan. Herrigunean, Arroa Behean eta Iraetan bilketa komunitarioa egingo dute, baina gainontzeko auzo eta landaguneetan ekarpen guneak jarriko dituzte, eta hango bizilagunek txartel bat izango dute gune horietara sartzeko. Hori hala, udalak giltzak banatuko dizkie auzotarrei hurrengo egunetan. Arroa Beheko elkartean asteartean, maiatzaren 27an, banatuko dituzte giltzak, 17:00etatik 19:00etara artean. Arroa Goian, berriz, maiatzaren 29an (osteguna) egingo dute banaketa, auzoko elkartean, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Ekainaren 5ean, berriz, Aizarnako elkartean egongo dira, 17:00etatik 19:00etara artean. Zestoako udaletxean ere jaso ahal izango dira giltzak, maiatzaren 30ean 09:00etatik 13:00etara, ekainaren 3an 17:00etatik 19:00etara eta ekainaren 6an 09:00etatik 13:00etara artean. Giltzez gain, konpostagailu bat behar dutenek ere egun horietan izango dute jasotzeko aukera. Auzokonposta ikastaroa Azpeitian Urola Erdiko Mankomunitateak, bere aldetik, auzokonposta egiteko ikastaro bat prestatu du Azpeitian. Astelehenean, maiatzaren 26an, izango da tailerra, Betharram aretoan, 19:00etan. Bileraren bidez, gainera, herriko beste lau puntutan gune berriak jarriko dituzte martxan; Loiolabide 1en, Loiolabide 2n, Euskal Herrian eta Azautzen, hain zuzen. Horiei informazioa eta behar duten materiala banatuko zaie, baina dagoeneko martxan dagoen herriko beste guneetan auzokonposta egiten hasi nahi duenak ere egin dezake ikastaroa. Norbere etxean lursail bat eduki eta autokonposta egin nahi duenari ere emango diote informazioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide