Bigarren urtez, musikak hartuko du Zestoa Patana Fest jaialdiari esker

Olatz Prat 2014ko maiatzaren 23a

Iazko Patana Fest. Bigarren urtez jarraian, Patana Fest musika jaialdia antolatu dute Zestoan. Ekainaren 7an ospatuko dute aurten, eta prest dute antolatzaileek zaleen belarriak gozatuko dituzten taldeen zerrenda. Kartel indartsua eta anitza osatu dute antolatzaileek. Eskualdeko taldeak dira parte hartuko duten sei taldetatik lau: Human eta Grises zestoarrak, Ezinean azpeitiarrak eta Skasti zarauztarrak. Horiez gain, Berrizko Seiurte taldea ere izango da aurten Patana Festen, eta Madrilgo Dinero taldea ere gonbidatu dute zestoarrek ekaineko jaialdira. Metal-a, hardcorea, ska eta pop dantzagarriak eta rock-a, denetik entzun ahal izango da. Kontzertuak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira eta, iaz frontoian jarri zuten arren, aurten Zestoako plazan ipiniko dute oholtza eta karpa. «Etxeko festa bat izango da, ondo pasatzeko aukera», iritzi dio Eñaut Gaztañagak, antolatzaileetako batek. Sarrerak aurki jarriko dituzte salgai inguruko herrietako tabernetan. 15 euro kostako dira aurrez eta 18 euro, berriz, egunean bertan. Karpan 700 lagunentzako lekua egongo da. Egitarau, ordutegi nahiz bestelako informazio guztien berri ematen joango dira euren webgunean: www.patanafest.com. Musika jaialdia aprobetxatuz, festa giroa izango da goizetik Zestoan. Iaz bezala, artisauen produktuak eta lanak ikusi eta erosi ahal izango dira artisau azokan.  Eguerdian, berriz, triki-poteo bat egingo dute. Ahaleginez eta laguntzaz Herriko hiru gazteren ekimenez sortutako jaialdia da Patana Fest. Hiru bazkideek jartzen dute jaialdia antolatzeko behar den diruaren zati handiena. Udalaren, tabernarien eta publizitatea jartzen dutenen laguntzarekin osatzen da beharrezko dirua; helburua, irabazi asmorik gabe, egiten den gastua berdintzea da, hurrengo urteko saioa posible egiteko. Bigarren urtez egingo dute jaialdia, eta aurrerantzean urtero egitea da euren asmoa. «Herriak asko ematen du, denek nahi duten festa bat da, eta hori da gure nahia, aparteko arazorik ez bada behintzat, urtero egitea, ekaineko lehen astean». Iazkoak izandako arrakastak bultzatu ditu aurten ere jaialdia antolatzera: «Nahiz eta oso eguraldi txarra egin, Zestoa jendez gainezka egon zen egun horretan eta karpa bete egin zen, sarrera denak saldu ziren», esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide