Urrategi Alberdi Azkoitiko alkatea eta Joxe Antonio Sudupe Elkarmediakoa (Ane Olaizola/ Hitza)
Azkoitiko Udalak Opendata sistema jarri du martxan, herritarrei administrazioaren «gardentasuna» bermatu nahian. Hala, udalak bere datu publikoak argitaratuko ditu sarean,
www.azkoitikoudala.info atarian. Halako sistemak ezezagunak dira oraindik inguruan, baina legeek norabide horretan jarri dituzte erakundeak. Udalak Elkarmediarekin elkarlanean jarri du martxan sistema, eta hango arduradun Joxe Antonio Suduperekin eta Azkoitiko alkate Urrategi Alberdirekin hitz egin du HITZAk.
Zer da Opendata?
Joxe Antonio Sudupe: Herritarrek informazioa eta datuak eskuragarri izan ditzaten, mundu mailako egitasmo bat da. Modu honetara, administrazioaren datu publikoak modu aske, estandar eta berrerabilgarrian jartzen dira. Modu estandarrak esan nahi du datuak gordinik erakusten direla, tratatu gabe. Batzuen arabera, Opendatako datuak honakoak dira: publikoak, eguneratuak, irisgarriak, automatizatuak eta askeak. Honek zuzenean eragiten du erakundearen gardentasunean.
Zergatik jarri duzue martxan?
Urrategi Alberdi: Parte hartzea indartzeko prozesuak martxan jarri ditugu, eta gobernu irekiaren beste ardatzetako bat gardentasuna da, eta hori bermatzeko tresna da Opendata. Datuak herritarren eskura jartzeak, elkar ezagutzea ahalbidetzen du. Udalak, gainera, jakin dezake zein diren herritarren nahiak. Era berean, zurrumurruei aurre egiteko tresna bat da.
Nola erabili daiteke?
J.A.S.: Azkoitiko ereduarekin, bi modutara erabili daiteke; batetik, datuak taula eta mapa gisa ikus daitezke. Jo dezagun jatetxe bat duzula, eta honen latitudea eta longitudea ikustea izango genuke mapa batean, deskargatu gabe. Grafikoki ere egin daiteke; esaterako, udalaren gastuen inguruko datuekin, aurre azterketa bat egin daiteke. Halako guneak, beraz, datu gordinak aztertzeko aukera ematen du. Bestaldetik, datuak deskargatu eta norbere ordenagailuan horien analisia egiteko aukera ematen du. Datu horien inguruan, aplikazio berriak edo txostenak sor daitezke, eta ondoren gune horretan bertan jarri daitezke.
Hortik haratago doa, ordea, udalak proposatu duena. API Aplikazioentzako Programazioen Interfazearen bidez, Azkoitiko datuak oinarri izanda, norbaitek aplikazio edo webgune bat garatuko balu, zuzenean eguneratzen joango da informazio hori. Esaterako, herriko gida gomertziala egitea nahi badu norbaitek, eskuliburu guztiak aurkituko ditu han.
Zer motatako informazioa jarriko duzue?
U.A.: Orain arte aurrekontuak, ostalaritza eskaintza, enplegu eskatzaileen datuak, udal sailak, zorraren bilakaera, diru laguntzak, hondakinen kudeaketa, soldatak eta elkarteen inguruko datuak plazaratu dira, eta orain kotratazioak jartzeko asmoa dugu. Herritar batzuk, gainera, eskatu digute zer datu gustatuko litzaieken jakitea.
Erakundeek euren datu publikoak argitaratzeko joera handitzen ari al da?
J.A.S.: Azkoitia Gipuzkoako lehenengo herria da Opendata sistema martxan jarri duena, eta aldundia, esaterako, garatzen ari da sistema. Joera hau legez dator, Espainiako Gobernuak atera duen Gardentasun Legea dela eta. Honek administrazioak derrigortuko ditu bere datuak argitaratzera. Joera bide honetatik etorriko da, baina, horrez gain, uste dut udalen nahia ere badela gardena izatea. Hori guztia halako plataformetan zentratuko da. Bidea zehaztuta dago, eta atzera bueltarik ez du. Ikusten ari gara halako gero eta egitasmo gehiago egin direla azken urteetan.
Helburua izango litzateke administrazio guztiak modu honetara lotzea; enpresen katalogo bat egitea, esaterako, abentura bat da, datuak ez dakizkigulako non dauden edo zaharkituta daudelako. Norbaitek horiek eguneratuz gero, azterketa guztiak islatuko liratezke modu errealean.
Hilabete pasatu da Opendata martxan jarri duzuenetik. Zer erantzun izan du?
J.A.S.: Datu estatistikorik ez daukagu oraindik, baina momentuz, herritarren aldetik interesa badagoela ikusi dugu, eta pixkanaka goraka joango dela uste dugu.