Zumaian hondartzetako garbitasunak eztabaida sortu du

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 23a

Zumaiako EAJk Zumaiako bi hondartzek izaten duten "zikinkeria eta utzikeria" salatu du. "Ukaezina da turismoak Zumaian izan duen hazkundea bere aberastasun eta natura ingurune erakargarriagatik. Horregatik, gure ondare naturala behar bezala baloratu eta zaintzea dagokigu», azaldu du EAJk. Baina alderdi horrentzat Zumaiako hondartzek "zikinak" jarraitzen dute. EAJko kideek badakite hondartzak garbitzearen eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela, baina zera galdetu dute: "Non dago udal gobernua dituen altxor hauek behar bezala zaintzeko? Eta zergatik ez dio eskatzen udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari gutxieneko egoera batean eduki ditzan?". Astean hirutan garbituz Zumaiako alkate Iñaki Arrizabalagak EH Bilduren izenean EAJri erantzun dio hondartzak astean hirutan garbitzen direla Zumaian: astelehenetan, astearteetan eta asteazkenetan, Orioko herrikoarekin txandakatuz. "Zumaiarrak garenok, ordea, badakigu egunean lau marea izaten direla eta behin garbitutakoa, 6 ordutara berriz zikintzeko arriskua dagoela. Horregatik, uda garaian, jende gehien ibiltzen den denboraldian, hondartzak egunero garbitzen dira", zehaztu du EAJri erantzunez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide