Jabekuntza tailerra emango du Perezek Zumaiako Emakumea eta Osasuna zikloaren barruan

Baleike 2014ko maiatzaren 23a

Emakumearen osasunaren aldeko nazioarteko ekintza eguna da maiatzaren 28a, eta data horren inguruan hitzaldi ziklo bat antolatu du Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak. Joan den astean Rosa Azkue medikuak eman zuen hitzaldia emakume zumaiarren osasunaren inguruan, eta aste honetan jabekuntzari buruzko tailerra dago aukeran, parte hartu nahi duenarentzat. Hirugarren hitzaldia maiatzaren 28an izango da, ezintasunen bat duten emakumeen egoeraren inguruan. Gaur eta bihar jabekuntza tailerra eskainiko du Amaia Perez Orozkok, La crisis de los cuidados izenburupean –gaztelaniaz izango da–. Madrilgo Complutense Unibertsitatean nazioarteko ekonomia eta garapenean doktore da Perez, eta ekonomia feministan aditu. Horrela, gaur egungo ekonomia sistema aztertuko du ikuspuntu feminista batetik. Lehenengo saioan ikusezinak diren lanak aztertuko ditu, eta saiatuko da bizitza erdigunean jartzen. Bihar, zaintzaren kate globalak aztertuko ditu. Gaurko saioa 16:00etan hasi eta 20:00etan amaituko da, eta biharkoa 10:00etatik 14:00etara izango da, biak Alondegian. Tailerra doakoa da, baina parte hartu ahal izateko izena eman behar da aldez aurretik, lekua mugatua baita. Izena emateko nahikoa da udaleko Berdintasun Sailera jotzea.  Alondegian bertan egin daiteke hori. Bestela, mezu bat idatzi daiteke berdintasuna@zumaiakoudala.net helbidera. Buruko gaixotasun gehiago Krisiak emakume zumaiarrengan izan duen eraginari buruz hitz egin zuen joan den astean Rosa Azkue medikuak, zikloari hasiera eman zion hitzaldian. Azkuek urte asko daramatza lanean Zumaiako anbulatorioan, eta emakumeen osasunaren erradiografia egiteko aukera izan du. Bere kargu dauzka 1.700 zumaiar, horietako erdiak, gutxi gorabehera, emakumeak. Lau astez, kontsultara joandako emakumeen gaixotasunen sailkapena egin zuen. «Denbora tarte horretan 700 lagun etorri ziren kontsultara; horietatik 407 emakumeak ziren, ia %60». Epe motzeko gaixotasunak eta gaixotasun kronikoak bereiztu ditu bere azterketan, eta kronikoen artean onkologikoei, psikiatrikoei, alzheimerrari eta zahartzaroari dagozkionak. Datuak aztertuta, ez du bereziki azpimarratu beharreko datu larririk aurkitu. Hori bai, krisiaren eraginez buruko gaixotasunak areagotu direla dio: «Antsietate eta depresio kasuak areagotu dira». Eta estuasun ekonomikoak bultzatuta tratamendua jarraitzeko arazoak dituzten kasu bakan batzuk ere bai: «Gertatu izan da tratamendu bat jarri eta beste bat merkeagoa eskatu; baina kasu konkretuak dira, hemen langabezia ez da hain larria». Eusko Jaurlaritzak 2013an egindako ikerketaren datuak ere eman zituen Azkuek, eta haietatik bi nabarmendu zituen: emakumeak gehiago bizi dira, baina ezintasun gehiagorekin; bizitza osasuntsuaren ustea, pertzepzioa, zabalduago dago gizonezkoen artean. «Osasuna ez da soilik gaixotasun eza; ongizatea, bizitza kalitatea ere aintzat hartu behar dira», zehaztu zuen Azkuek hitzaldian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide