Poligonoko bolatokia txukuntzen.
Bolo eta toka jokoa berreskuratzeko asmoarekin Gipuzkoako Bolo eta Toka Eguna antolatu dute biharko. «Duela 25 bat urte halako txapelketa asko egiten ziren, eta urteak aurrera joan ahala, arrazoi bategatik edo besteagatik, galtzen joan da», azaldu du Jesus Mari Gabilondo Mitxelenako Auzo Elkarteko kide eta Gipuzkoako Bolo eta Toka Eguneko antolatzaileak. Bere ustez zaletasuna «hor dago», hala ere. Horre-
gatik, tradizio hori biziberritzeko asmoarekin antolatu dute biharko egitasmoa hainbat herritarrek. Eta bai ongi antolatu ere. Poligonoko bolatokia txukundu eta «dotore» utzi dute. Horrez gain, Gipuzkoako Bolo eta Toka Federazioaren bitartez haurrentzat bolatoki eramangarri bat eta beste hiruzpalau toka pista ere lortu dituzte egun horretarako.
Jende asko erakarriko du egitasmoak: «Zarauzko ikastetxeetako seigarren mailako 116 ikasle bertaratuko direla jakinarazi digute, eta horrez gain, Euskal Herriko bolo eta toka jokalari onenetarikoak ere etorriko dira. Guztira, 100 bat lagun bertaratuko dira». Egunean bertan ere eman ahalko da izena Zelai Ondoko bolatoki inguruan, 09:30etik 12:00etara. Bi euro ordaindu beharko da pertsonako; haurrek doan jardun ahalko dute. Sari bereziak banatuko dituzte. Lehenbiziko hiru postuetan sailkatzen direnek zein lehenbiziko zarauztarrek oroigarriak jasoko dituzte, eta parte-hartzaile guztien artean ere sariak zozkatuko dituzte antolatzaileek.
Bertaratzen direnek egun osoan zehar jokatu ahalko dute bolotara eta tokara, 09:30etik aurrera. Arraioko kideak ere bertan izango dira. Irrati librearen zortzigarren urteurrena dela eta, ekitaldiarekin bat egin eta girotu egingo dute 11:00etatik aurrera. Horrez gain, barra mugikor bat ere jarriko dute, eta edaria eta mokadutxoa eskainiko dizkiete parte-hartzaileei zein ikusleei, «prezio herrikoian». Gainera, bolatokia estaltzeko karpa bat jarriko dute aterpe gisara, eguraldi txarra egiten badu ere.
Erabilera eman
Abuztuaren 15ean eta 16an, amabirjinen bueltan egin ohi zuten txapelketa garrantzitsuena garai batean, Gabilondok azaldu duenez. «Egun osokoa izaten zen. Goizean Poligonoan jokatzen zen, eta hor sailkatzen zirenak arratsaldean Iñurritzako zelaian zegoen bolatokian lehiatzen ziren». Gerora, gainbehera izan zen. «Belaunaldi bat edo bi galdu egin dira: garai batean jarduten zuten helduetako asko hilda daude, eta ordukogazteek orain 50-60 urtetik gora dituzte. Horiek ez dute Zarautzen jokatzerik izan, ez zutelako non jokatu».
Orain Zelai Ondoko bolatokiari urtean zehar erabilera emateko asmoa dute, eta horretarako gazteen laguntza ere behar dute. «Gu gai izango gara, baina oso garrantzitsua da gaztearen bultzada zaletasunari jarraipena emateko», ohartarazi du Gabilondok.
Enrike Egaña Gabilondoren kidearen arabera, garai batean bolotan jarduten zutenak prest daude belaunaldi berriei jokatzen erakusteko. «Bolak biraka jarraitu behar du», nabarmendu du hark.
Auzoko festak biziberritu
Zelai Ondoko Komisiyua sortu zuten lehenbizi, auzoan festak antolatzeko asmoarekin. Ondoren Mitxelenakoa osatu zuten bizilagunek, eta Zelai Ondokoekin elkartzea adostu. Biharkoa izango da elkarrekin antolatu duten lehenbiziko ekitaldia. Ekainaren 22an ere egingo dute bolo eta tokarekin lotutako beste jaialdi bat ere. «Ez dugu zehaztu oraindik, baina desafio moduan planteatu dugu, koadrilen edo auzoen arteko erronka gisa», jakinarazi du Gabilondok. Uztailean ere saiatuko dira, hamabostean behin-edo, taldetxo bat bolatokian elkartu eta desafioak egiteko.
«Garbi» dute, halaber, abuztuaren 17an Gipuzkoa Toka Txapelketako finalak Zarautzen jokatuko dituztela. Horrekin batera, bolotara ere jardungo dute, osagarri modura.