Baserriko emakumeak esperientziak trukatuz

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko maiatzaren 23a

Hitzez emakume baserritarren elkartea 2007an sortu zuten eskualdean, eta ordutik urtero-urtero euskal emakume baserritarren topaketan parte hartu dute elkarteko kideek. Aurten maiatzaren 26an, Nutrizioaren Eguna aitzakitzat hartuta Zarautzen bilduko dira Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako emakume baserritarrak. «Egun berezia izaten da. Emakume baserritarrok geuretzat denbora gutxi izaten dugu normalean, eta egun honetan gure arteko harremanak sendotzeko eta gure kezkez eta egunerokoaz hitz egiteko aprobetxatzen dugu», adierazi du Hitzez elkarteko lehendakari Rosa Aramendik. Nutrizioaren Eguna denez, Silvana Huegun nutrizionistak Osasuna gure eskutan hitzaldi eskainiko die emakume baserritarrei. «Egunerokoan gure osasuna hobetzeko balibideak eskainiko dizkigu Huegunek. Emakume baserritok oso lanpetuta bizi gara, eta askotan lehengaiak etxean izaten baditugu ere, ez gara behar den bezala elikatzen». Ildo horretatik, elikadura ekologikoa eta garaian garaiko produktuen garrantzia izango ditu hizpide besteak beste  Huegunek. Hitzez elkartearentzat lan ildo garrantzitsua da emakume baserritarrak beren osasuna zaintzeko kontzientziatzea. «Geure burua zaindu behar dugu. Ondo elikatzea oso garrantzitsua da osasunarentzat. Hobe da ondo jan eta osasuntsu mantentzea, gaixotu eta medikuarengana joatea baino», berretsi du Aramendik. Bizimodua hobetzea xede Nekazaritza ereduari dagokionez, Arabako eta Gipuzkoako emakume baserritarren lana desberdina bada ere, «oinarrian oso bizimodu antzekoa» dutela uste du Aramendik. «Landa eremuan bizi garen emakumeok familiaz, abereez, baratzeaz eta etxeko lanez arduratu behar dugu, eta ez da batere erraza izaten etxeko lana eta etxetik kanpora egin behar dugun lana uztartzea». Azken hamarkadetan baserriko lana asko aldatu bada ere, oraindik bizimodu «gogorra» dela uste du. «Gure guraso eta aitona-amonek baserrian egiten zuten lana asto lana zen. Urteak pasa ahala baserriko lana eta bizimodua asko aldatu dira. Egun, esaterako, oso zaila da baserritik bakarrik bizitzea, eta emakumeak nahiz gizonak etxetik kanpora lan egin behar izaten du, ekonomikoki familia eta baserria aurrera ateratzeko». Dena dela, aurrerapen teknologikoek baserriko lana erraztu dutela uste du Hitzezeko kideak. «Ez da urte asko pasa gure gurasoak baserritik azokara astoarekin jaisten zirela; egun, berriz, autoak ditugu, eta horrek asko errazten dizkigu gauzak». Behiak ere orain dela gutxi arte eskuz jezten zituzten, eta egun makinak dituzte horretarako. Aurrerapenek baserriko lana erraztu badute ere, Hitzez elkarteak emakume baserritarren bizimodua arindu nahi du orain. «Emakume baserritarron lana aitortu dadin etxetik hasi behar dugu lehendabizi. Gu geu ez gara konturatzen askotan izaten dugun lan kargaz, horretara ohituta gaude eta gaixotzera iritsi gaitezke». Horregatik, elkarteko kideen artean kontzientziazio jardunaldiak antolatzen ari da 2014an zehar, besteak beste emakume baserritarren autoestimua lantzeko eta indartzeko. «Askotan biltzen gara emakume baserritarrok, gure kezkez eta bizipenez hitz egiteko. Gainontzekoak zertan ari diren ezagutzeak, norbera ere zer egitera iritsi daitekeen konturatzeko bidea dela iruditzen zaigu». TOPAKETA, Zarautzen Maiatzak 26, astelehena - 10:00etan, Osasuna gure eskuetan hitzaldia emango du Silvana Huegun nutirizionistak Modelo aretoan. - 12:00etan, Zarauzko Udaleko ordezkariek harrera egingo diete emakume baserritarrei. - Ondoren, merkatuko lehen solairuan hamaiketakoa egingo dute. - 14:30ean, bazkaria. - 17:00etan, Photomuseumera bisitaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide