Azpeitiko Sanjuandegira, badator Mantangorri

Olatz Prat 2014ko mai. 23a, 05:21

Sanjuandegiko festetako egitaraua aurkezten (Olatz Prat/ Hitza) Iristear da Mantangorri, Sanjuandegiko jaien gonbidatu berezia. Eta harekin batera festa giroa izango da nagusi datozen egunotan Azpeitiko auzoan. Antolatzaileek zapi eta elastiko gorriak janztera deia egin diete auzotar nahi herritarrei, «festan parte hartu eta auzoa alaitzeko». Bihar, larunbata, hasiko dira jaiak Umeen Egunarekin. 200 umek baino gehiagok eman dute izena egun osorako antolatutako jardueretan parte hartzeko. Goizean hainbat joko egingo dituzte haurrek. Gero bazkaria egingo dute Jose Antonio Agirre plazan, eta arratsaldean zirko tailerrak egiteko asmoa dute. Egunari amaiera emateko, kalejira bat egingo dute haurrek auzo guztia zeharkatuz. Begiraleen gutxieneko kopurua lortu duten arren, norbaitek laguntza eskaini nahiko balu, garaiz dago oraindik. Horretarako auzo elkarteko zenbakira deitu beharko du: 669- 530 749. Berrikuntzak egitarauan Egitarauak aurreko urteetako bideari eusten dion arren, badira berrikuntzak ere. Datorren ostiralean, maiatzaren 30ean, esaterako, Kulturarteko Jaia ospatuko dute. Azpeitiko Euskara Patronatuan haur etorkinei euskara irakasten dabilen taldeak antolatu du. Haur eta helduentzako dantza batekin hasiko da jaia, jolasak egingo dituzte ondoren, eta txokolate janarekin amaituko da festa. Horrez gain, jaietako astearteetan txiste kontalari edo bakarrizketa saioren bat antolatu ohi zuten. Aurten, ordea, Gazta zati bat dokumentala eskainiko dute, Azpeitiko Gure Esku Dago taldeak proposatuta. Gainera, hileko azken ostiraletako presoen aldeko elkarretaratzea Sanjuandegin egingo da aurten, plazan izan beharrean. Bestetik, edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dituzte jaietan sortu ohi den hondakin kopurua gutxitze aldera, eta Zero Zabor egitasmoarekin bat eginez. Esaterako, otorduetako plater nahiz mahai tresnak konpostagarriak izango dira. Jaietarako antolatu dituzten afarietarako eta bazkarietarako txartelak salgai daude Orkatz, Izaro eta Jim Clark tabernetan. EGITARAUA: Maiatzak 27, asteartea - 21:00etan, Gazta zati bat dokumentalaren emanaldia, Iluntze auzo lokalean, Gure Esku Dago taldearen eskutik. Maiatzak 28, asteazkena - 20:30ean, bertso afaria Baigera II-n, Jokin Urangarekin eta Amets Arzallusekin. Maiatzak 29, osteguna - 22:00etan, Mus Txapelketa, Ongi Etorri tabernan. Izen ematea 21:30ean. - Gauean, Mozorro Gaua, Jim Clark eta Garoa tabernetan. Maiatzak 30, ostirala. Gazte eguna - 17:00etan, Kulturarteko Jaia, Euskara Patronatuak antolatuta. - 18:30ean, auzo lokalaren irekiera. - 18:30ean, azken ostiraleko presoen aldeko elkarretaratzea. - 19:00etan, Mantangorriren jaitsiera. - 19:05ean, erraldoi eta buruhandiak, Juan de Antxieta musika eskolako ikasleekin. - 20:30ean, gazte afaria. - 23:00etan, areto dantzak, Joxe Mari Orbegozorekin. - 23:00etan, kontzertuak karpan: Luckneed, Oldarkor, Joxe Replay eta Laket. - Goizaldean, baratxuri-zopa jana. Maiatzak 31, larunbata. Auzo eguna - 10:00etan, judo erakustaldia Kimura klubaren eskutik. - 12:30ean, triki-pintxo poteoa hasiko da. - 13:00etan, Udal Musika Bandaren kontzertua. - 15:00etan, auzo bazkaria. - 17:00etan, Sanjuandegiko II. Trikiti Txapelketa egingo dute. - 20:30ean, gazte afaria. - 18:00etan, txokolate jana. - 19:00etan, erraldoiak eta buruhandiak Skandalue Elektrotxarangak lagunduta. - 21:00etan, parrillada, Bagoaz Azpeitiko Auto-karabanazaleen Elkartearen eskutik. - 23:00etan, kontzertuak: Kometa eta Kauta taldeak. - Goizalderarte, karpan gaupasa, DJ Kanuto-rekin. Ekainak 1, igandea - 06:00etan, txokolate jana. - 07:00etan, sokamuturra. - 09:00etan, salda. - 12:00etan, dantzari txikiak. - 16:30ean, haurrentzako pottokak eta zezenak. - 18:30ean, herri kirol saioa. - 20:00etan, Mantangorriren igoera. - Egun guztian zehar, Azpeitiko merkatarien eskaintza bereziak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide