Kamioilari bat atxilotu dute Aian gasoila lapurtzea egotzita

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 22a

Kamioilari bat atxilotu zuten ertzainek atzo Aian, ustez lapurtutako gasoilez betetako bidoi batzuk zeramatzalako kamioian. Urola Kostako ertzainetxeko ertzainek atxilotu zuten 30 urteko gizonezkoa atzo goizeko zazpirak inguruan. Kamioiak semaforo bat gorrian pasatu zuen Orion, N-634 errepidean. Orduan, ertzainek atzetik jarraitu zioten, baina kamioiak abiadura bizkortu eta Aiako industrialde batera sartu zen. Kamioia han utzi eta kamioilariak alde egin zuen, ertzainen arabera.. Ertzainek kamioi barruan 100 litroko lau bidoi aurkitu zituzten, eta baita gasoila ateratzeko erremintak ere. Ingurua miatu eta pertsona bat ezkutuan zegoela ohartu zen polizia. Ertzainen arabera, ihes egiten saiatu zen, baina atzematea lortu zuten. Lapurreta egitea egotzita atxilotu egin zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide