Benantxio Irureta, Alberto Zerain eta Pako Iriondo omenduko dituzte Flysch Trailean

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 22a

Flysch Trail mendi lasterketako ibilbidea iazkoa bada ere, aldaketa txiki batzuk izango ditu aurten (Argazkilaria: Peio Romatet)

[Sasoian.info] Benantxio Irureta, Alberto Zerain eta Pako Iriondo omenduko dituzte Zumaiako VI. Flysch Trail mendi lasterketan. Hala ere, alpinista gasteiztarra baino ez da bertaratuko probara, beste bientzako hilondoko omenaldia izango delako; Irureta aizarnarrak iaz galdu zuen bizia mendian, eta Mendizale Federazioko ohorezko presidente Iriondok duela hilabete batzuk. Bien ala bien jarduna eskertu nahi dute antolatzaileek, Zerainenarekin batera. Uztailaren 13an jokatuko dute mendi lasterketa, eta azken urtetan bezala, 31,2 kilometroko (1.500 metroko garaiera positiboa) proba nagusiaz gain, 15,2 kilometroko (605 metroko garaiera positiboa) proba ere egingo dute 21 urte bitartekoentzat –kadete eta junior mailakoentzat–, eta lasterkari herrikoientzat. Izena Herrikrossa.com webgunean eman daiteke uztailaren 10a bitartean, federatuek 20 euro ordainduz eta ez federatuek 25 euro.

Gaur, Azpeitiko Mendi Astearen barruan, Benan, mendia arnas dokumentala estreinatuko da. Benantxio Irureta zenari buruzkoa da. 21:30ean izango da, Azpeitiko Soreasu antzokian

Gehiago irakurtzeko, Sasoian.info

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide