Azkoitian egindako festetako bilera (Ane Olaizola/Hitza)
Azkoitiko Andramari jaiak prestatzeko parte hartze prozesua aurrera doa; herritarrek bide desberdinetatik ekarpen ugari egin dituzte, mantentu beharreko nahiz hobetu beharreko ekintzak proposatuz. Horiek guztiak batuta, udalak bilera egin zuen herenegun herriko hainbat eragilerekin. Jende gutxi batu bazen ere, guztien artean ekintza batzuk aukeratu zituzten, eta orain udaleko batzordeek horiek baloratuko dituzte, egitarauaren zirriborroa osatzeko. Ekainean dira behin- behineko egitaraua plazaratzekoak.
Parekidetasunaren aldeko ekintza berriak dira deigarrienak; izan ere, herritarrek gizon eta emakumeen berdintasuna kontuan hartzeko eskaera ugari egin dituzte, eta horiek kontuan hartuta, emakumeek osaturiko talderen baten kontzertua egotea, film laburren lehiaketako gaia Nola ligau baboseau gabe izatea, umeek ginkana ez sexista egitea, ikuskizunetan berdintasun mezuak zabaltzea edo herri kiroletan emakumeen presentzia bermatzea aukeratu dute.
Udalak ontzat joz gero, gainera, hilaren 17an Euskal Jai Eguna ospatuko da. Euskal kultura sustatzeko ekarpen sorta egin dute azkoitiarrek; besteak beste, erromeriak, euskal kantak eta dantzak, Larrain dantza eta Euskal Eguna ospatzea eskatu dute. Proposamen horiek kontuan hartuta pentsatu dute lehenengo aldiz Euskal Jai Eguna ospatzea egun horretan.
Era berean, festetan zehar lehiaketa gehiago egitea aurreikusi dute; adibidez, berrikuntza gisa, festetako argazki lehiaketa egitea aukeratu dute.
Festa luzeegiak data txarrean
Herenegungo bileratik ateratako berrikuntzetako batzuk horiek badira ere, prozesua zabaldu zutenetik, herritarrek ekarpen ugari egin dituzte. Oro har, ez dute aldaketa handirik proposatu, jaien dataren eta iraupenaren inguruan izan ezik; izan ere, arlo horretan erantzun duten ia guztiek irizten diote andramariak luzeegiak direla edo abuztua data desegokia dela. Festak hiruzpalau egunetara moztea proposatu dute batzuek, eta uztailera aurreratuta parte hartzea indartuko litzatekeela uste du hainbatek. Bateren batek honen inguruan herri galdeketa egitea ere proposatu du.
Mota guztietako iritziak plazaratu dira andramarien inguruan, baina askok orain arteko tradizioa mantentzearen alde egin dute; Festa Batzordeak, gainera, urtero antolatzen dituen ekintzekin jarraitzea eskatu du; hala nola, marmitako txapelketa, San Martingo hamaiketakoa, Gazte Olinpiadak nahiz txosnetako erromeria.
Edonola ere, festak hobetzeko hainbat ideia bota dituzte; ume eta gurasoen bazkalondorengo ekintzak «hobeto» antolatzea da horietako bat, talde profesional bat kontratatuz edo musika talde bat jarriz plazan. Era berean, haur eta gurasoentzat Altxorraren Bila jolasa prestatzeko nahia azaldu dute, herriko historia ezagutzeko baliagarria izango delakoan. Suziriak egun gehiagotan jartzearen alde agertu dira beste batzuk. Gazteek, berriz, Koadrilen Egunean egiten duten herri bazkarirako gutxiengo adina jaistea eskatu dute.
Herritarrek ekarpen orokor batzuk ere egin dituzte, batez ere bizikidetzaren ingurukoak. Honen inguruko dekalogo bat prestatzea eskatu dute, besteak beste. «Urte osoan egin beharreko lanketa dago, bizikidetza errespetatu nahi badugu», esan du beste batek.
Ekarpenak asko izan badira ere, udalak herritarrei dei egin die horiek antolatzen laguntzeko inplikatu daitezen.