Durangotik Iruñera bidea osatzen duten 123 kilometroak erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kate erraldoia bihurtuko dira datorren ekainaren 8an. Zumaiako Gure Esku Dago taldeak jakinarazi duenez, “bertara iristeko garraiorik egokiena autobusa hartzea da. Hori dela eta, metroa erosi duten guztiei, zerbitzu hau aukeratzea eskatu nahi diegu”. Oraindik ordutegia erabat zehazteke duten arren, “goizeko 9:00ak aldera aterako gara Zumaiatik Ezkio-Itsasorantz, ibilbidearen 47. kilometrorantz, guretzako esleituta dagoen zatira”. Ondoren, bueltako bidea egiteko, bi aukera izango dute herritarrek. Alde batetik, ekitaldia amaitutakoan, eguerdi aldera, eta beste aldetik, arratsaldean. “Giza katea osatutakoan, Lazkaon ospatuko den festara joateko aukera ere emango dugu. Horregatik, aukera hori hartzen dutenek, etxerako buelta 19:00ak aldera egingo dute” azaldu dute taldekideek. Izen emateko aukera martxan dago jadanik, eta antolakuntza bideratze aldera, ahalik eta lasterren apuntatzea eskatzen dute. “Turismo bulegoan eman daiteke izena, eta bestela, asteburuetan Erribera kalean jartzen dugun mahaian ere aukera egongo da. Larunbat honetan, 19:00etatik aurrera, eta igandean, 12:00etatik aurrera”.