Herriz herri nola eskuratu giza katerako metroa?

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 21a

Herriz herri giza katerako metroa eskuratzeko aukera: AIA: Izena emateko. Giza katerako izena Orion eman dezakete aiarrek. Mahaiak jarriko dituzte Orion, edo bestela 671-070569 (Rosi) telefonora deitu daiteke. AIZARNAZABAL: Taldea sortu berria. Ostiralean aurkeztu zuten Aizarnazabalgo Gure Esku Dago taldea. Etzirako festa eguna antolatu dute, eta orduan metroa erosteko edo autobuserako izena emateko aukera egongo da. AZKOITIA: 200etik gora, eta astetik astera goraka. Azkoitian giza katerako izena 200 pertsonek baino gehiagok eman dute, eta astetik astera goraka doaz. Larunbat goizetan jartzen dute izena emateko mahaia, giro ona egiten duenetan eliz atarian, eta txarra denean Kontzejupean. 45. kilometroan egongo dira azpeitiarrekin batera. Autobusak ere antolatu dituzte. AZPEITIA: 800etik gora lortuta eta milatik gora helburu. Azpeitiko Gure Esku Dagok lokal propioa du, Foru Ibilbidean. Astelehenetik ostiralera arratsaldetan 17:30etik 19:30era dago irekita, eta asteartetan eta larunbatetan goizetan. Giza katerako eta autobuserako izena han eman daiteke. Autobuserako izena ekainaren 3a arte eman daiteke, lokalean, Sanagustin kulturgunean, Orkatz eta Izaro tabernetan edo azpeitiagureeskudago@gmail.com helbidera idatzita. BEIZAMA eta ERREZIL: Beste herri batean eman dezakete izena. Herri txikiotan Gure Esku Dago talderik ez dago. Baina, beste herriren batean eman dezakete izena. GETARIA: 204 metro lortuta, eta gustura. «Getarian inoiz ez da hainbeste jende mugitu horrelako ekintza batetarako», diote Getariako Gure Esku Dagokoek. Baina, metroak gehitzen joateko asmoa dute. Asteburuetan Kale Nagusian mahaia jarriko dute, eta astean zehar Arritarte loteria saltzailearenean eman daiteke izena. ORIO: Taldea aurkeztu aurretik, metroak saltzen. Orioko hainbat ekitalditan giza katerako izena emateko mahaia jartzen dute, edo bestela 671-070569 (Rosi) telefonora deitu daiteke. Maiatzaren 30ean aurkeztuko dute taldea. ZARAUTZ: 550 lortuta, eta orain mila baietz. Maiatza hasieratik, Zarauzko Udalak utzita, itsas pasealekuko Sortaldea lokalaren aurrean jartzen dute mahaia giza katerako izena emateko. Larunbatetan eta igandetan egoten dira, 11:00etatik 14:00etara. Horrez gain, Txiki Polit eta Eguzki tabernetan ere izena emateko aukera dago. Internetez, antolatzailea043@gureeskudago.net helbidera idatzita. Azken egunera arte giza katerako izena emateko aukera zabalik dute, baina, garraioa antolatzeko, autobuserako izena lehenbailehen emateko eskatu dute. ZESTOA: Egungo kopurua bikoiztea nahi. 100 lortuta, 200 helburu. Ehun metro inguru dituzte lortuta, baina kopurua bikoztu nahi dute. Asteburu denetan jartzen dute izena emateko mahaia kalean eta larunbatean ere Gure Esku Dago Egunean jarriko dute. Koadrilen artean ere banatu dituzte fitxak. ZUMAIA: Erronka beteta, baina gehiago lortzeko lanean. Dagoeneko kilometroa osatzeko 400 lagun lortu dituzte. Halere, gehiago lortzeko asteburuan Zumaiako Erribera kalean mahaia jarriko dute: larunbatean 19:00etatik aurrera, eta igandean 12:00etatik aurrera. Orduan, autobuserako izena emateko modua ere egongo da. Bestela, astean zehar autobuserako izena Turismo Bulegoan eman daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide