Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
103.811 metro kubiko hondar botako dute gaur hasita Zarauzko hondartzako hiru gunetan: Munoaren eta Gurutze Gorriko postuaren artean 51.755 metro kubiko; Desertu Txikian 46.530 metro kubiko eta Iñurritzako dunaren hasieran beste 5.526 metro kubiko. Urte hasierako itsasaldien ondorioz, hondar ugari eraman zuten mareek, eta hondartza bere onera etortzeko helburuarekin hasiko dira lanak egiten.
Zarauzko Udalak jakinarazi duenez, gaur ekingo diote lan horri, eta horretarako itsasontzi bat baliatuko dute. Jaizkibeldik ekarriko du horrek harea, eta hogei bidaia egingo ditu. 700 metroko hodi bat erabilita, hondartzan utziko dute hondar kopuru handi hori urarekin nahastuta.
Bost egun iraungo dute lanek, «eguraldiak laguntzen badu». Ondoren, beste lau egun beharko dira hondar hori egonkortzeko. Hondartzako zenbait gune itxiko dituzte, eta eremu horietan segurtasun neurri bereziak jarri. Lanek irauten duten bitartean Gurutze Gorriak zainduko ditu surflariak eta bainulariak, itxita dauden eremuetara sar ez daitezen. Udaltzainak ere bertan izango dira, lan horretan laguntzeko.
Horregatik, toldo zerbitzua astebetez atzeratzea erabaki du udalak.