Maren Belastegi (UEMA) eta Iban Arregi (Berria Taldea)
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Berria taldeak kanpaina bat abiatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, euskarazko prentsa kontsumitu dezaten herritarrek. Hainbat hilabetetako gogoetaren ondoren, hilaren 31tik aurrera itxura eta eduki berria izango du Berria egunkariak, eta ekainaren 3tik 15era bitartean doan jaso ahal izango dute Uemako udalerrietako herritarrek. Eskualdean, Aizarnazabalgo, Azpeitiko, Beizamako, Getariako, Orioko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako bizilagunek.
Kanpainaren berri emateko eskuorriak banatuko dituzte etxez etxe, eta kartelak jarriko dituzte kaleetan. Egunkaria doan jaso nahi dutenek, aurrez eskatu beharko dute, 943-30 43 45 telefonora deituta edo datuak emanda
harpidetza@berria.info helbidean.
Maren Belastegi Uemako lehendakariak eta Iban Arregi Berria taldeko kontseilari ordezkariak gaur eman dute egitasmoaren berri Azpeitian. Belastegik azpimarratu du Uemaren helburua dela «udalerri euskaldunetako herritarrek euren bizitza publikoa eta pribatua euskaraz egin dezaten lortzea». Honen arabera, udalerri euskaldunetan batez ere euskaraz bizi dira, baina hainbat eremutan oraindik erdarak «pisu nabarmena» du; hedabideen kontsumoan, esaterako. Hainbat azterketaren arabera, udalerri euskaldunetan oraindik kosta egiten da euskarazko prentsara jotzea, eta arnasguneak izanda ere, oro har, gaztelania nagusitzen da komunikazio arloan: «Gaur, komunikazioaren gizartean bizi garela esaten den honetan, pisu handia dute hedabideek. Errealitatea da, gaur egun udalerri euskaldunetan ere erdarazko komunikabideen kontsumoa euskarazkoaren gainetik dagoela». Kontsumo horrek «hizkuntza jarreretan eragina» duelakoan, euskarazko hedabideak «babesteko eta zabaltzeko garrantziaz» ohartarazi dute.
Kanpainaren bidez, beraz, «irakurle berriak erakarri eta euskararen normalizazioan eragin» nahi dute bi taldeek, eta euskarazko prentsa kontsumitzera deitu dituzte herritarrak. Bide horretan, Arregik adierazi du horien sustapenean etengabe eragin beharra dagoela, «herritarrek euskarazko hedabideen aldeko hautua egin dezaten».
Bide berriak lantzeko
Berria proiektuaz eta honen garrantziaz hiz egin du Iban Arregi egunkariko kontseilari ordezkari azpeitiarrak; «Berriak tresna bat jartzen du egunero euskaraz bizi gaitezen, eta Berrialagun irakurleek eta iragarleek sostengatzen dute proiektua. Eta horretan jarraitu nahi du. Bertako eta munduko berri euskaraz ematen, ahalik eta euskarri gehienetan eta ahalik eta komunitate zabalenaren sostenguarekin».
Berriaren eginkizuna «euskarazko hedabideen sarea zabaltzea eta sendotzea» dela berretsi du Arregik, euskararen normalizazioa lortzeko premiazko tresna delakoan. «Hizkuntza normalizazioa lortzea behar-beharrezkoa da, norbanakoak eta espazioak euskalduntzea ez ezik, erabileran ere eragitea, eta gaur egungo gizarte komunikatu honetan hedabideek normalizazio prozesuan duten garrantzia erabatekoa da», iritzi dio.
Hain zuzen, Belastegik uste du euskararen normalizazioan bide berriak landu behar direla. Euskarazko hedabideak babesteko eta zabaltzerako orduan «zer egina badago», azpimarratu du, eta gaineratu du horretarako hedabideek erakundeen, euskalgintzaren eta eragile sozialean babesa eta herritarren atxikimendua behar dituztela.
Egitasmoarekin, beste urrats bat egin nahi du Uemak, euskarazko irakurzaletasuna bultzatzearekin batera, herritarrek euskarazko prentsa kontsumitu dezaten nahi baitu. Zentzu horretan, Berriak euskara hutsezko prentsari begira egindako ibilbidea eta udalerri euskaldunetan tokiko euskal hedabideek egindako bidea txalotu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.