Iosu Lertxundi: "Badirudi orain dela harrobi lana egiten dugun elkarteon aukera"

Aritz Mutiozabal 2014ko maiatzaren 22a

Iosu Lertxundi Amenabar Zarautz taldeko jokalaria (Aritz Mutiozabal/ Hitza) [Sasoian.info] Amenabar Zarautzek Asobal ligara igotzeko fasea jokatuko du asteburuan Alcobendasen (Espainia). Iosu Lertxundi (Zarautz, 1985) eskubaloi taldeko kapitaina da, jokalari beteranoena, eta motibatuta agertu da balentria historikoaren aurrean. Taldeko beteranoena izanik, zuretzat zer esanahi du fase historiko honetara iristeak? Kadeteetatik jokatzen dut elkartean, eta txikitatik lehen taldeko jokalariak idolo moduan ikusten nituen, egunen batean haiek zauden tokira iritsiko ote nintzen pentsatzen. Goiko taldera heldu nintzen, eta orain badirudi pauso bat harago eman dugula. Hodei batean bezala gaude, eta ea orain Asobalera igotzeko helburua lortzen dugun. Iaz ozta-ozta eutsi zenioten mailari, aurten beste muturrean zaudete. Iaz geure lana egin eta azken bigarren postuan bukatu genuen liga, mailari justu-justu eutsiz. Aurten  12 taldetik 16ra handitu dute liga. Azken sailkatua zuzenean jaisteaz gain, azpiko beste hiru taldeek promozioko kanporaketa bat jokatuko dute, eta horietatik bik maila galdu. Arrisku postu horietatik ihes egitea lortuz gero, denboraldi biribila izango zela iruditu zitzaigun denboraldi hasieran. Bat-batean sailkapenean goian ikusi gara, eta ez dugu aukera hau alferrik galdu nahi izan. Etzi ekingo diozue igoera faseari. Non zaudeten sinesten hasi al zarete? Hartu duen dimentsioa ikusita, taldekideak lasai samar ikusten ditut. Momentuz nahiko lasai gaude, baina gaur egingo dugu azken entrenamendu saioa, eta hortik aurrera urduritzen hasiko garela iruditzen zait. Jendeak geratu egiten gaitu kalean zoriontzeko eta animatzeko, eta oraindik hodei horretan gaude. Baina guk kirol arloaz arduratu eta larunbatekoan buru-belarri pentsatu behar dugu orain. Zaletuek babestuta zoazte, behintzat. Alcobendasek Aritzbatalde emango al du? Hala da, bai. Kanporaketako lau taldeoi 125 sarrera-bono pasatu dizkigute, baina Barakaldotik autobus bakarra bete dute, eta haiei soberan geratu zaizkien sarrerak guk jaso ditugu. Ondorioz, 220-250 pertsona abiatuko dira Zarauztik. Beraz, Aritzbataldeko kantxan jokatzea bezala izango da. Horrek ere indar eta babes handia emango digu, zalantzarik gabe. Zarauzko eskubaloi zaletuak giltzarri al dira lorpen honetan? Ligako azken partidan Zilarrezko ligan urrezko afizioa zioen kartel batekin atera ginen kantxara, garrantzitsuena zaletuak direla nabarmenduz. Haiek gabe ez ginateke inora iritsiko. Orain pila bat joango dira Alcobendasera, eskubaloi gosea baitago herrian. Oso bolada polita bizitzen ari gara. Finalerdian Benidorm izango duzue aurrez aurre.Irabazteko eta finalera sailkatzeko prest? Aurten bi aldiz neurtu ditugu indarrak, eta bata galdu eta bestea irabazi egin dugu. Orain berdinketa apurtzeko ordua da. Faboritoak haiek dira sailkapenean gure aurretik geratu direlako eta lehen mailan aritutako hainbat jokalari dituztelako. Partida bakarrera izanda, ongi prestatuta eta urduritasunak kontrolatuta, irabazi dezakegula uste dut. Finalean Alcobendasi etxean irabaztea sekulakoa litzateke, ezta? Bai, etxekoen aurka finala irabaztea baino hoberik ez dago. Hori litzateke pelikula idealena. Gainera, kontuan izan behar da Barakaldoren aurka ez garela ongi moldatzen; aurten hiru partida jokatu ditugu elkarren aurka,  bat berdinduz eta beste biak galduz. Dena dela, Alcobendasen eta Barakaldoren arteko lehian, lehenak dira faborito. Errealistak izanda, posible al da Zarautzek Asobalen jokatzea? Krisiak bete-betean astindu du eskubaloia, eta jokalari asko beste liga batzuetara joan dira eta  atzerritarrak ere gero eta gutxiago daude. Badirudi orain dela harrobi lana egiten dugun elkarteon aukera. Maila gorenera iritsi eta egungo jokalariekin taldea osatu ahal izango genuke, baina ikusi besterik ez dago Bidasoari zer gertatu zaion aurten (maila galdu du), eta hori atzerritar batzuk izanda. Zaila izango da, baina ez ezinezkoa. Lehenengo igoera lortu behar dugu, eta gero gerokoak. Azken finean, bi partida bakarrik dira, eta akats gutxien egiten duena igoko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide