Lanak amaituta, festa nagusi

Olatz Prat 2014ko maiatzaren 22a

Orain dozena bat urtetik ikasturte amaierako jaialdia eskaintzen dute urteko sasoi honetan Azpeitiko emakumeek. Bada, aurtengo ere antolatu du festa berezia Emakume Txokoak. Bihar, ostirala, antzerkia, musika eta ondo pasatzeko aukera izango da Sanagustin kulturgunean. 18:30ean hasiko da festa: gitarra taldean parte hartu duten emakumeek emanaldia eskainiko dute, Amaia Garmendiaren zuzendaritzapean. Horren ostean, Jabetze Eskolako antzerki tailerreko emakumeek Orekaren desoreka antzezlana taularatuko dute, Alaitz Olaizolak zuzenduta. Festari amaiera emateko, afaria egingo dute Sanagustinen bertan. Nahi duen orok har dezake parte afarian; 20 euro kostako da txartela, eta aurrez hartzea eskatu dute. Udaletxean eta Emakumeen Txokoan eros daitezke. Hausnarketarako antzezlana Alaitz Olaizolak espreski egun honetarako sortutako antzezlana da Orekaren desoreka. Jabetze Eskolako antzerki tailerrean dabiltzan bederatzi emakumeek taularatuko dute. Ataka zailean jarriko dira emakumeek interpretatuko dituzten pertsonaiak. Izan ere, ordu gutxi gelditzen zaizkie bizitzeko, batzuk biziko dira eta beste batzuk ez. Hain zuzen ere, «egoera horretan gizakiak nola erreakzionatzen duen ikustea da antzezlanak dakarrena, kasu honetan, bederatzi emakumeren erreakzioak ikusiko ditugu», dio Olaizolak. Obrak zientzia fikziozko abiapuntu bat du: Martera bidaia bat. Dantzak, umorea eta drama ukituak topatu ahal izango dira bertan. «Barre eta negar, biak egin daitezke», esan dute. «Uste dugu ikusleak antzerkitik kanpora atera daitezkeela beren buruei galderak eginez: egoera horretan banengo, zer egingo nuke? galdetuz, esaterako». Egilearen iritziz, hausnarketara bultzatzen duen lan bat da. Ideiak biltzeko pare bat saio egin ondoren, gaia aukeratu eta antzezlana idazteari ekin zion Olaizolak. Otsailean amaitua zen jada, eta ordutik hona, astean bi orduko entseguak egin dituzte aktoreek. Azken 11 urteetan, urteko obra bat taularatu dute Jabetze Eskolako antzerki tailerreko emakumeek eta, hainbeste urteren ostean, «lana hasieran baino askoz errazagoa» dela azaldu du Olaizolak. «Iaz 30 emakume ziren oholtzan, eta horrek lan gehiago eskatu zuen koordinazio aldetik. Aurten bederatzi dira, eta denak aurrez ibilitakoak. Elkar ezagutzen gara, eta denok dakigu lana nola egin behar den». Ostiralerako «gogoz» daudela aitortu du: «Jendeak asko maite gaitu gainera, eta festa honek beti izan du harrera ona». Ohiturari eutsi eta oraingoan ere etortzera animatu nahi dituzte herritarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide