Baserriko lanbide zaharrak erakutsiko dituzte igandean Aiako Asentzio Azokan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko maiatzaren 22a

Aurreko urteko Asentzio Azoka bat. Asentzio Azoka egingo dute igandean Aian, baserritarrei omenaldia egiteko. San Isidro festen inguruan antolatu ohi dute egun osoko ospakizuna, eta belaunaldi berriek nekazaritza gertuagotik ezagutzeko, baserriko garai bateko ofizioen erakusketa egingo dute eguerdian. «Nahi dugu gazteek ezagutzea duela ez asko beren guraso eta aiton-amonak nola bizi ziren eta zein lanbide zituzten, gure kulturaren parte baita». Asentzio Azoka horiek ezagutarazteko «aukera aproposa» dela uste du Aiako alkate Igor Iturainek. Horretaz gain, urtero bezala  azoka ere egingo dute goizean, 10:00etatik 14:00etara; 40-45 postu jarriko dituzte plazan eta pilotalekuan. Udalak jakinarazi duenez, ez da faltako artisautza gairik eta elikagairik: barazkiak, gazta, eztia, ogia, gozoak nahiz loreak aurkituko dituzte herritarek, besteak beste. Horretaz gain, aparkalekuan bestelako produktuak salduko dituzte, eta animaliak erakutsiko dituzte. Ohiko abereez gain, abere «bitxiak» ere izango dira ikusgai, eta baserriko lanabesak ere salduko dituzte. Arratsaldean, bestalde, herri kirol jaialdia izango da. Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a Aiako harri baldarrarekin 30 minututan marka jartzen ahaleginduko da. Agustin Iruretagoiena Izeta I.a, berriz, bere pisu bikoitzeko harri zilindrikoarekin ahaleginduko da marka jartzen hamar minututan. Gainera, Zarauzko harri-jasotzaile eskolako kideek erakustaldia ere egingo dute. Egitaraua Maiatzak 25, igandea - Goiz-eguerdi partean, Asentzio Azoka. - Eguerdian, baserriko lanbideen erakusketa eta produktuen dastaketa. - 18:00etatik aurrera, herri kirol jaialdia. - Ondoren, erromeria Laja II.a eta Unai Narbaizarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide