«Historiaurreko bizimodua eta garai haren xarma ezagutzeko» asmoz, Ekainfest eguna antolatu dute Zestoan ekainaren 28rako. Lau urtez Ekaindarren eguna bezala ezagutu izan denari, beste bultzada bat eman nahi izan diote bosgarren urte honetan eta, eragile anitzen parte-hartzearekin egitarau «zabala eta ikusgarria» prestatzen ari dira egun horretarako.
Berrikuntza nabarmen batekin dator, ordea, aurtengo Ekainfest, Historiarrueko Lehen Olinpiada jokatuko baita. Zestoako eta inguruetako gazte koadrilei zuzendutako olinpiadak izango dira eta 16 urtetik gorakoek hartu dezakete parte. 4tik 6 pertsona bitarteko taldeak, tribuak, osatu beharko dituzte, eta ekainaren 28an, 16:00etatik 20:00etara bitartean, hainbat proba gainditu beharko dituzte.
Proba horiek duela 14.000 urte Ekaingo koba inguruan bizi zirenen bizimoduarekin zerikusia izango dute: sua lortzea edota ehizarako abilezia probak, esaterako. Antolatzaileek adierazi dutenez, «ez da inolako ezaugarri fisiko berezirik beharko, ez inolako prestaketarik. Edonork gainditzeko moduko probak izango dira, azken batean, jendeak parte hartzea nahi baitugu».
Parte hartzen duten talde guztiek eskuratuko dute saria. Tribu irabazleak, Ekain txapela handia, 600 euro esku dirutan eta Zestoako Bainuetxean zirkuitu termala irabaziko dute. Bigarren sailkatzen den tribuak, Ekain domina, 350 euro eta landa-turismo batean asteburu baterako txartela lortuko dute. Hirugarren tribuak, Ekain dominaz gain, 150 euro eta Zestoako jatetxe batean afaria eskuratuko ditu. Laugarrenak, berriz, oparia, Ekainberri Museora bisita eta hango jarduerak egiteko aukera izango dute. Bosgarren tribu abilenak, oparia, bi orduko zaldi-txangoa eta mokadua eskuratuko ditu. Azkenik, seigarren tribu abilenak, oparia eta Ekain2-n espeleologia saioa egiteko aukera eskuratuko ditu.
Olinpiada hauetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Horretarako hainbat bide daude: Ekainberriko Informazioa Bulegora joatea, 943- 86 88 11 zenbakira deitzea, info@ekainberri.com helbidera idaztea edota Zestoako tabernetan adieraztea. Izena emateko epea datorren astelehenera arte, maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik, eta doan izango da.
Maiatzaren 26an bertan, bilera egingo dute parte-hartzaile eta antolatzaileek proben inguruko informazioa eman eta zalantzak argitzeko. Bilera, 18:00etan izango da, Ekainberriko Informazio Bulegoan.
Eragileen parte-hartzearekin
Zestoako Udalaren babesarekin eta Ekainberriren bultzadaz, hainbat eragileren artean ari dira antolatzen aurtengo Ekainfest: Lili Jauregia, Sastarrain baserri eskola, Zestoako Bainuetxea, Zestoako tabernariak, Zestoako interpretazio eskola eta Zestoan Merkatari Elkartea dira eragile horiek.
Hilabeteak daramatzate lanean, ekainaren 28rako egitaraua prestatzen. Zehaztasunak aurrerago emango dituzten arren, jada aurreratu dute zer jarduera nagusi izango diren egun horretan Zestoan. Urtero egin ohi den Suaren etorrera antzezlana, Zestoako interpretazio eskolak egingo du lehen aldiz. Bestetik, historiaurreko gastronomiari keinu egingo zaio herriko tabernetan.
«Ekaingo koban duela 14.000 urte zaldi ikusgarriak marraztu zituztenei omen egiteko» eguna izango denez, garai hartako zestoarrak nola bizi ziren ezagutzeko jarduerak ere egingo dituzte: sua egiten ikasteko aukera izango da, egurrez edo harriak kolpatuz; Ekaingo zaldia marrazteko tailerra egingo da, historiaurreko margoak eta teknikak erabiliz; historiaurreko ehiza moduak ezagutu eta praktikan jartzeko aukera egongo da; eta garai hartako joskintza eta jantziak nola egiten ziren ezagutzeko aukera izango da.
Bestetik, pottoka eta zaldi-gurdiz txangoan eskainiko dira, Ekainberrirako eta Lili Jauregirako doako bisita bereziak antolatuko dituzte, eta bainuetxea bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.
Egunari amaiera emateko, musika emanaldia ere antolatuko dute.