Joseph Arthur, Mike Mills eta Bill Dobrowk zabalduko dute Rockumentalak! zikloa, larunbatean

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 21a

«Berrikuntzez eta emozioz beteta» hasiko dituzte aurten Rockumentalak!. Zazpigarren urtea da  I love Rock elkarteak musikari buruzko dokumental zein filmez eta kontzertuez osatutako zikloa antolatzen duena. Aurten, «goi mailako» kontzertu batekin ekingo diote egitarauari. Hain zuzen, Joseph Arthur  izango da oholtza gainean larunbatean, luxuzko taldekideak lagun dituela: Mike Mills REM taldeko baxua eta The Black Crows-eko bateria-jotzaile Bill Dobrow. Joseph Arthurrek Euskal Herrian emango duen kontzertu bakarra izango da Zarauzkoa, eta horregatik «hitzik gabe» daude I love Rockeko kideak: «Aurtengo egitaraua antolatzen ari ginenean ez genuen imajinatu ere egingo halako artistak izango genituenik Rockumentalak! zikloaren barruan. Zalantzarik gabe, aukera paregabea da egungo artista interesgarrienetako batez gozatzeko, eta are gehiago Mike Mills eta Bill Dobrow ondoan izango dituelako». The Ballad of Boogie Christ da Ohioko (AEB) abeslari, musikagilearen eta artistaren estudioko azken lana, eta oraintxu kaleratu du Lou Reed abeslariari buruzko omenaldi diskoa. Besteak beste, bi lan horietako abestiak tartekatuko ditu Millesekin eta Dobrowrekin batera larunbateko emanaldian. Aurrez, Joseba Irazoki  eta Rubio  taularatuko dira. Irazoki abesteaz gain, programazioaz eta soinu efektuez arduratzen da, eta baita gitarra, aho soinua eta bonboa jotzeaz ere. Hori dela eta, «erritmo eta soinuen kaos pausatua» sortuko du Modelon ere, folk, blues, psikodelia eta beste hainbat doinu eskainiz. I love Rockeko kideek jakinarazi dutenez, Rubio taldearen soinua bluesaren eta folkaren «erdibidean» dago. Aurtengo Rockumentalak!, beraz, doinu folkie eta bluseroekin inauguratuko dituzte. 21:00etan hasiko da emanaldia. Sarrerak salgai Kontzerturako sarrerak dagoeneko salgai daude. Interesa dutenek hainbat bidetatik eros ditzakete: www.ticketea.com webgunearen bidez, Sanz Enea Kultur Etxean edota Zarauzko Turismo Bulegoan. Aldez aurretik erosten dituztenek zortzi euro ordaindu beharko dute sarrera bakoitzagatik. Egunean bertan ere salgai izango dira Modelo aretoko leihatilan, prezio altuagoan: 10 eurotan. Ateak eta leihatila 20:00etan irekiko dituzte, kontzertua hasi baino ordubete lehenago. Larunbateko ekitaldiaz gain, beste hainbat izango dira datozen hilabetetan. Aurrerago emango dute I love Rockeko kideek horien berri. Elkarteari buruz informazio zabalagoa eskuratu nahi dutenek Facebook zein Twitter sare sozialetan aurkituko dute, I love Rock-en profiletan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide