«Plaza eta kaleak zabalik» nahi dituzte Azpeitiko Alde Zaharreko merkatariek

Olatz Prat 2014ko maiatzaren 20a

Merkatarien elkarretaratzea Plaza eraberritzeko proiektuen harira, eta Alde Zaharra oinezkotzearekin kezkatuta, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Azpeitiko Alde Zaharreko hainbat merkatarik. Kaleak autoei ixteak euren jarduera «erabat kaltetzen» duela adierazi dute. Eneko Etxeberria alkateari helarazi dioten idatzian hala azaltzen dute, «ez dugu ezer jendea Alde Zaharrera erakartzeko; EPA, euskaltegia, musika eskola, igerilekua edo anbulatorioa, esaterako, herriko beste gune batzuetan ipini ziren». Haietara jendea autoz joaten dela eta Alde Zaharrera «oinez etorri behar» izatea salatu dute, «ez al dago kontraesan handia?» galdetu dute merkatariek. Oharra jaso eta elkarretaratzearen berri izan bezain pronto, plazara jaitsi zen alkatea eurekin hitz egitera, eta datorren astean bertan bilera batera deituko dituela azaldu zien hark. «Kale itxia, ate itxia» Gaur egun zabalik egoten dira Alde Zaharreko kaleak goizez. Ordubatean itxi egiten dituzte eta hala egoten dira biharamuneko goizeko 08:00ak bitartean. Itxita egoten dira larunbat eguerditik aurrera ere. Merkatariek diotenez, «goizetan lana egiten dugu, jendea ibiltzen da, baina arratsaldetan inor ez da hona etortzen erosketak egitera. Arratsaldetan ez dago lanik». Oinez Alde Zaharreraino etorri ezin daitezkeen bezeroak dituztela argudiatzen dute, eta euretako askok, kaleak arratsaldez itxita egoteagatik bezeroak galdu dituztela ere badiote. Udalak merkataritzari lagundu nahi badio «kaleak ixtea azkena» behar lukeela azpimarratu dute, «kale itxia, ate itxia da». Plaza oinezkotzearen inguruko ondorioei dagokionez, adierazi dute beraiek badakitela zer ondorio dakartzan plaza eta kaleak ixteak, «Alde Zaharreko merkataritzaren hondamena». Idatzian adierazi dutenez, «erabaki politikoz bere garaian kaleak itxi ziren, erabaki politikoz herria Azkoitia aldera hasi da; erabaki politikoz diru pila gastatu da Soreasu egiteko. Gauza gehiago egon dira, baina erabaki politiko horiek lagundu dute dugun Alde Zaharra edukitzera: Soreasu, sekulako eraikuntza, hutsik; kaleak hutsik, etxeak hutsik, dendak hutsik. Ez ote zaigu Alde Zaharra atzerritarren bizitoki bihurtzen ari?», galdetu dute. Aparkalekua behar Plaza oinezkotzeak, erosketak egitera autoan mugitzen diren herritarrei aparkaleku arazoak eragiten dizkietela adierazi dute merkatariek gaurko elkarretaratzean. Horri erantzunez, Etxeberriak adierazi die «hor dagoela Soreasuko aparkalekua, dohakoa». Merkatariek, orduan, adierazi diote jendeak ez duela autoa han lagatzeko ohiturarik. «Beharbada, Soreasu osoa martxan jarriko balitz, hari bizia emanez gero, agian nabarituko genuke alderik, baina, orain dagoen moduan ez», azaldu dute dendariek. Askoren arteko erabakia «Merkatariengan pentsatzeko» eskatu diote alkateari. Hark erantzun die pentsatzen dutela haiengan ere, «baina, argi dagoena da hemen ez daudela merkatarien interesak bakarrik, eta plazaren erabilera ezin dela merkatarien interesen arabera bakarrik erabaki». Era berean, oroitarazi die udalean dauden hiru alderdiek, euren hautes-programan aurkeztu zutela plaza oinezkotzearen proiektua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide