Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina emango dio Benito Lertxundiri

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 20a

Benito Lertxundi oriotar kantariari eta konpositoreari urrezko domina emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiak, euskal kulturari eta bereziki euskal kantagintzari egindako ekarpenagatik. Larraitz Ugarte aldundiko bozeramaileak eguerdian eman du hautaketaren berri, "euskal kantagintzaren sortzailerik handienetakoa da eta edozein korronte eta modaren gainetik biziraun dute bere doinuek hainbat hamarkadatan".
Urrezko bi plaka ere emango ditu diputazioak. Bat, frankismoaren garaiko Ordena Publikoaren Auzitegiaren bortizkeria eta errepresioa jasan zituzten emakumeek jasoko dute. "Emakume horien kemena eta indarra goraipatu nahi ditugu", esan du Ugartek. Beste plaka, Beroa Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteari emango diote. "Harrera familiei esker, ume eta nerabe horiek gizartean hobeto egokitzen dira heldu bihurtzen direnean, eta hori goraipatzekoa da", adierazi du aldundikoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide