Josep Fontana historialariak hitzaldia emango du ostegunean.
Elan-Euskadi gobernuz kanpoko erakundeak urtero bezala jardunaldiak antolatu ditu Getarian, gizarte gaiak ardatz hartuta. Gaur hasi eta ostegunera bitartean hainbat hitzaldi eta ikus-entzuneko eskainiko dituzte Cristobal Balenciaga Museoan. Orain arte Elan-Euskadi erakundeak garapen bidean dauden herrialdeak eta kooperazioa izan ditu oinarri, baina azken urteetan urrats bat aurrera eman eta euskal gizarteak dituen arazoak aztertzen dituzte. Horretarako bi hitzaldi eta ikus-entzuneko bat eskainiko dituzte. «Hausnarketa sustatu nahi dugu jardunaldiekin. Hedabideetan, eta oro har, gizartean krisiaz behin eta berriz hitz egiten da. Finantzen munduko krisiaz hitz egiten badugu ere, eredu soziala dago krisian, eta horretaz hausnartu nahi dugu hainbat ikuspegitatik».
Gaur emango diote hasiera jardunaldiari Fernando Ruiz Bergara zinegilearen
Rocio dokumenatalarekin. 1977an filmatu zen dokumentala. Rocio Andaluziako erromeriari buruzko azterketa antropologikoa eta historikoa da. «Zinegilea dokumentala filmatzen ari zenean bi adineko pertsonek kontatu zioten Almonte herrian 1936ko Gerran zer errepresio gertatu zen». Ruiz Bergarak narrazio horiek dokumentalean txertatu zituen, eta garaiko epaileek dokumentala debekatu egin zuten. Almonte herriko sarraskiko hiltzailearen izena argitaratu zuen zinegileak, eta horrekin 1977ko amnistia ituna eta trantsizioko isiltasun ituna alde batera utzi zituen. «Hedabideek eta gizarteak behin eta berriz goraipatu dute trantsizioa, baina guk erakutsi nahi dugu eskubideak ez zirela konpletoak», azaldu du Miguel Jimenez Elan-Euskadiko kideak.
Krisiaren sustraiak
Josep Fontana historialariak
Despues de la recuperación izenburupean hitzaldia eskainiko du. Egun gizarteak bizi duen krisiari begirada kritikoa izango da. «Gaur egungo krisiaren sustraiak azalduko ditu. II. Mundu Gerra bukatu ondoren ezkerrak indarra zuen, eta posible izan zen gizarte sozial bat eratzea». Pixkanaka- pixkanaka eredu hori nola galtzen ari den azalduko du Fontanak. Hitzaldia Elan- Euskadik eta Getariaren Sustraiak taldeek antolatu dute. «Fontana prestigio handiko historialaria da, ikerketak eta hausnarketak zorroztasunez egiteagatik nabarmentzen da. 83 urte ditu, eta guretzat ohorea da bera Getaria izatea. Oso modu argian azalduko ditu egungo krisiaren sustraiak zein diren; denboran atzera egin behar da horretarako», zehaztu du Jimenezek.
Elan-Euskadiren XXI. Jardunaldiak
Maiatzak 20, asteartea
- 19:00etatik aurrera Fernando Ruiz Bergara zinegilearen
Rocio dokumental historikoa emango dute Cristobal Balenciaga Museoan.
Maiatzak 21, asteazkena
- 19:30etik aurrera Iñigo Lamarka arartekoak
Eskubide Sozialak gaur egun hitzaldia eskainiko dute Cristobal Balenciaga Museoan.
Maiatzak 22, osteguna
- 19:00etan Josep Fontana historialariak Despues de la Recuperación hitzaldia emango du Cristobal Balenciaga Museoan.