Zarautz Pontarlier, lotura sinbolikotik harago

Aritz Mutiozabal 2014ko maiatzaren 20a

1994an senidetu zen Zarautz Pontarlierrekin, Europa eraikitzen ari zen garaian. Aurrez, Frantziako herri horretako Xavier Marmier Institutua elkartrukeak egiten hasi zen Zarauzko Lizardi institutuarekin, bertako ikasleek frantsesa hobetu zezaten eta Pontarlierrekoek gaztelania. Bi zentroen arteko harremana «segituan» sendotu zen, eta trukea zabaltzen joan da urte hauetan zehar. Izan ere, ez da truke «soila», eta horrek ekarri du bi herrien arteko harremanek luzaro jarraitu izana. 20 urte pasatu dira bi herriak senidetu zirenetik, eta urteurrena ospatzeko Zarauzko ordezkaritza bat herri horretan izan da asteburuan. Villingen- Schwenningeneko ordezkariekin ere elkartu dira bertan, Alemaniako herri hori Pontarlierrekin senidetu zela mende erdia pasatu baita.  Europako beste hainbat herrialdetakoak ere bertaratu dira, larunbatean Europako Herrien Azoka egin baitzuten beste hainbat ekitaldiren artean. Hain zuzen, Europen herrien barruan Euskal Herria aldarrikatzera joan dira zarauztarrak. «Pozik etorri gara Pontarlierrera, baina batez ere helburu zehatz batekin: herrien Europan Euskal Herria, Katalunia, Eskozia eta Korsika ere badaudela gogoratzera», nabarmendu du Gari Berasaluze Zarauzko Kultura zinegotziak. «Pontarlierrekoei aurreko urteetan saldu dieten Zarauzko irudia ez da guk nahi genukeena. Herrira sartu besterik ez dago bandera espainiarrak zintzilika ikusi eta Zarautz Pays Basque espagnol bezala irudikatzen dutela konturatzeko». Portarlierrekoek hori «ezagutu» badute ere, zarauztar asko ez direla horrekin ordezkatuta sentitzen azaldu diete zarauztarrek. Eta aldarrikapen horri eutsi diote zarauztarrek ekitaldi guztietan. Senidetze asteburua Villingen-Schwenningen, Zarautz, Pontarlier. Egindako bide luzea erakusketarekin zabaldu zuten, ostiral iluntzean. Bertan, senidetzeen 20 eta 50 urteetako historia zegoen ikusgai, irudi eta askotariko pasadizoen bidez. Hurrengo egunean, larunbatean, Europako herrien azoka zabaldu zuten, eta bertan agurra dantzatu zuen Mikel Fernandezek eta euskal doinuak jo zituzten txistuekin Jose Inazio Eliasek, Josu Arrutik eta Joxemiel Gaztañarresek, euskal nortasuna erakutsiz. Herriko museoa eta absinta distilategia bisitatu ondoren, desfile bat egin zuten hainbat herrialdetako ordezkariek Pontarlierreko kaleetan zehar. Zarauztarrek ikurrina eraman zuten aurrean aldioro, eta euskal kantuak kantatu. Agerraldietan ere euskaraz aritu ziren Berasaluze zinegotzia eta Eider Illarramendi Zarauzko alkateordea. Hain zuzen, «Euskal Herria delako gure herria», esan zuen Berasaluzek. Azokaren irekieran «herrien eta herritarren Europan» sinesten zuela nabarmendu zuen, «estatu handien gainetik kultura guztiek eta herri txikiek lekua duten Europan». Igandeko ekitaldi ofizialean Espainiako ereserkia jo zutenean oholtzatik jaitsi ziren Zarauzko ordezkariak, protesta gisara. Hala, Pontarlierreko alkate Patrick Genrek Zarautz Pays Basque zela nabarmendu zuen azken ekitaldian, espagnol adjektiboa kenduta. Harremanari eutsi beharra Igandeko ekitaldian senidetze adierazpenak berretsi zituzten Pontarlierreko, Villigen- Schwenningeneko eta Zarauzko ordezkariek. Illarramendik Pontarlierren eta Zarautzen arteko «elkarlana sendotzeko eta sinergiak bilatzeko borondatea» erakutsi zuen, eta batez ere «pertsonen arteko harremanak» bultzatzekoa: «Hogei urteko harremanari heldutasunez eta konpromisoz heltzeko garaia da, harremanak sendotuz. Senidetzearen helburua plano sinbolikotik errealera igaroz. Iraganean egindakoa aintzat hartuz, orainaldian aitortza emanez, eta batez ere, etorkizunerako ikuspegia jarriz». Bi herriek elkarri eskaini diezaioketenaz hitz egin dute ordezkariek asteburuan, alor gehiago jorratzeko. «Harremanak garatzeko elkartu gara hemen», adierazi du Genrek: «20 urte eta gero, areagotu egin nahi dugu Zarautzen eta Pontarlierren arteko harremana. Garrantzitsua delako herritarren arteko harremanak zaintzea». Hiru dira herri horrekin landu nahi dituzten ildoak: kultura, kirola eta sozioekonomia. Lehen ildoari dagokionez, epe laburrean Zarauzko artisten lanekin erakusketa bat irekiko dute Pontarlierren eta epe ertainean bi herriotako artisten egonaldiak egitea aurreikusi dute. Kirol arloan elkarlanerako akordioaren lehen urratsak urtean zehar emango dituzte. 2015ean Pontarlierreko ordezkariak Zarautzera bidaiatuko dute. Izan ere, orain arte hezkuntza alorretik landu da gehienbat bi herrien arteko harremana. Eta horrek «fruituak» eman baditu, Xavier Marmier eta Lizardi institutuen arteko loturagatik izan da. Eta ez dute hori eteterik nahi. «Senidetze hau mantendu badugu proiektua benetan sendoa delako da. Asko garatu da harremana urteotan: hasieran truke kultural bat besterik ez zen eta gerora bestelako alorrak gehitzen joan gara; kirola, kasu», azaldu du Fernando Urien Lizardiko Kirol arduradunak. Haren arabera, jarraipena izan behar du: «Hezkuntzako lana beti da etorkizunera begira egiten den lan bat, eta hortik beti ateratzen da etekina». Proiektua «bizirik» dagoela gaineratu dute Igone Azpiroz Lizardi Institutuko zuzendariak: «Ongi egindako lana da, harro esan dezaket». Xavier Marmier Institutuko irakasle Agnes Diezek elkartrukeen garrantzia nabarmendu du: «Ez da hizkuntzara mugatzen. Trukeekin ikasgelako ateak zabaltzen dira, gazteak kanpora atera eta euren ingurunetik harago zer gertatzen den ikusteko. Ezberdinak izan arren, guztiok antzekoak garela konturatzeko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide