Datorren ekainaren 13tik 15era egingo da herri galdeketa, herritarrek aukera dezaten gustukoen duten eredua. Hiru proiektuetatik gustukoena aukeratzeaz gain, beste bi galderei erantzun beharko diete herritarrek: plaza oinezkotzea nahi duzu, bai ala ez? eta kioskoa mantentzea nahi duzu, bai ala ez?
Hona hemen hiru ereduen xehetasunak:
Lehen eredua: 2RG estudioak egina. Ordezkaria: Xabier Rezabal
2RG-ren proposamena
Helburua Azpeitiko plazari dagokion garrantzia ematea da, horretarako plazari itsatsita dagoen azoka plazari erabilera bermatuz. Erabilera hori emateko, azoka plaza eta plazaren arteko lotura luzatuko litzateke eta, aldi berean, topografia egokituko da azoka plaza enparantzako ate bihurtu dadin. Horrez gain, plazari beste plaza estali bat gehitzea proposatzen du. Bestetik, kioskoa kentzea proposatzen da, "gaur egun bere funtzioak ez dituelako betetzen, bai dimentsioagatik, bai irisgarritasun arazoengatik, baita kioskoaren beraren egoeragatik ere". Gainera, Zelai Luzerako irteerako gune horretan, azoka plazan integratuta egongo den eszenatoki bat egitea proposatzen du.
Pabimentazioari dagokionez, ajedrez taula baten antzera antolatzen da plaza, danborradako antolaketa errazteko, azokako postuak antolatzeko eta, autoak sartzea erabakiz gero, aparkalekuak antolatzeko. Harrizko lurra proposatzen da, eta aldi berean, jardinera batzuk jartzea proposatzen du "plazari freskotasuna emateko".
Plaza malgua, herriko plaza nagusi bati dagokion erabilera desberdinak bermatzeko.
Bigarren eredua: Irudikoa estudioak egina. Ordezkaria: Maider Olaizola
Irudikaren proposamena
Proposamen hau lehengoa mantentzera eta gaurko beharrei erantzuna ematera egokitzen da. Plazak orain duen irudia mantentzea proposatzen du, proiektuko baldintzetan kentzeko aukera ematen ziren kioskoa eta arkupea mantentzea. Kioskoak gaur egun duen erabilera "ukaezina" dela dio egileak, eta arkupeak "batetik bestera oinez mugitu ahal izateko eskaintzen dituen abantailak" aprobetxatu nahi dira. "Orain arte Azpeitiko historiaren sinbolo diren elementu hauei eutsi eta horiek berritzeko apustua" egiten du.
Pabimentuari dagokionez, Alde Zaharreko zoladura bera ezartzea proposatzen du, bi eremuak lotzeko. Kolore desberdinetako adokinak erabiliko lirateke, trafiko mota bakoitza antolatzeko: adokin grisa autoentzako, adokin arrosa oinezkoentzat eta harri losa zabalak, arkupetako oinezkoentzat. Adokina jartzeko moduak "plazari mugimendua emateaz gain, kioskoari dagokion garrantzia" ematen dio estudioaren iritziz.
Azkenik, plazako eraikinaren alboan jarriko den eskailera baten bitartez, plaza ibairuntz zabaltzea proposatzen da.
Hirugarren eredua: Landatek estudioak egina. Ordezkaria: Gaizka
Landatek-en proposamena
Plazak gaur egun eskaintzen zituen abantaila eta desabantailak aztertuta, kioskoa kentzea proposatzen du Landatek-ek, "kioskoak gaur egun desabantaila gehiago ematen dituelako abantailak baino: funtzioak ez ditu betetzen, txikia geratu da eta zaharkitua dago". Plazak duen aldapa ere desabantaila dela iritzita, lurra berdintzea proposatzen du; horretarako udaletxetik eskuinerako arkupeari itsatsita, grada moduko eskailerak egitea proposatzen du, "jendea eroso egoteko beste leku bat gehituz".
Kioskoa kentzeak, "eskatzen zuen ekitaldi desberdinak egin ahal izateko leku bat"; horregatik, azoka plazaren kontra plataforma egonkor bat egitea proposatzen du ereduak, eszenatoki bezala eta beste erabilera batzuetarako bideratua.
Zoladura Alde Zaharrekoaren berdina egitea proposatzen du eredu honek, bi eremuak berdintzeko.
Informazio bilerak
Datorren asterako informazio bilerak antolatu ditu udalak. Hala, asteazkenean, maiatzak 21, 19:00etatik aurrera bilera egingo da alde zaharreko bizilagunekin. Ostegunean berriz, maiatzaren 22an, hiru proiektuen aurkezpen ofiziala egingo dute hiru arkitektuek, 19:00etatik aurrera udaletxeko arkupetan.
Gainera, informazio panelak jarriko dira Betharrametako pasabidean eta Sanjuandegiko Baigerako tabernaren kanpoaldean.