Orain gutxi kanonizatu du Aita Santuak Jose Antxieta (1534, Tenerife). Apaiz horren aita Urrestillakoa zen, eta horregatik, hainbat ekitaldi antolatu dute Azpeitiko auzo horretan datorren astebururako.
-Maiatzaren 23an, ostiralean, mahai ingurua egingo dute Ibaigain adinekoen etxean arratsaldeko 19:30ean. Joxe Mari Iriondo kazetari azpeitiarrak gidatuko du mahai ingurua, eta bertan parte hartuko dute Jose Maria Etxeberria jesulagunak (Jose Antxieta santuaren aita jaio zen baserri berean jaioa), Jose Urbistondo
Txabarren-ek eta Julian Eizmendi Azpeitiko alkate ohiak. Kontuak kontu, bertaratzen diren herritarrek galderak egiteko aukera izango dute.
Maiatzaren 25ean, igandean, meza nagusi berezia ospatuko dute parrokian eguerdiko 12:00etan, eta Joxe Mari Etxeberriak emango du meza. Bertan herriko abesbatzak hainbat kantu eskainiko ditu: Peñagarikano musikagilearen Euskal Meza, Jose Antxieta musikalaren motete bat eta Urrestillan ohikoak diren maiatzeko zenbait kantu. Meza amaitutakoan, Antxieta elkarteak hamaiketakoa eskainiko du.
Joxe Mari Iriondok herritarrak eta auzotarrak gonbidatu nahi ditu mahai ingurura eta gainerako ospakizunetara: "Era xumean, baina maitasunez ospatu nahi du Urrestillako herriak Jose Antxieta santuaren aldareetara jasotzea".
Kazetari azpeitiarraren esanetan, "1619. urtean hasi ziren eliz-auzitegietan Jose Antxietaren ekintza harrigarriak frogatzeko behar diren tramiteak egiten". "Prozesu luze baten ondoren", Frantzisko Aita Santuak Jose Antxieta santua kanonizatu zuen aurtengo apirilaren 3an.
Denetik egin zuen apaiza
Jose Antxieta 1534ko martxoaren 19an jaio zen San Cristobal de la Lagunan (Tenerife, Espainia) eta arbaso euskaldunak zituen: Loiolako Inazio santuaren senideak. San Frantzisko Xabierkoaren gutunak eta idatziak irakurri ondoren, mixiolari izateko "egarria" sentitu zuen. Brasilen, Piratininga izeneko hirian San Pablo eskolan irakasle izan zen Antxieta. Maisu izateaz gain, poeta eta antzerkigilea ere izan zen, eta idatziak gaztelaniaz, portugesez, latinez eta tupi-guaraniz argitaratu zituen. Arkitektua, ingeniaria eta humanista izan zen ere.
Apaizak bere azken urteetan, zahartuta eta ahulduta egon arren, lanean jarraitu zuen. Brasilgo Reritiban hil zen 1597ko ekainaren 9an, gaur egun Anchieta izena daraman hiria Jose Antxietaren omenez.