Santamarinak, zerrendan lehenbizikoak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko maiatzaren 16a

Heldu da Zarautzen denboraldiko jai zerrendari ekiteko ordua. Santa Marina da zerrenda horretako lehena, eta gaur bertan hasiko dira ospakizunekin. Pasa den asteburuan izan zen aperitiboa— XXV. Pilota Txapelketako finalerdiak eta mus txapelketa jokatu zituzten— , eta gaurtik aurrera lehertuko da auzoa. Santa Marina Eguna datorren asteazkenean, hilaren 21ean bada ere, aurreratu eta gaur inauguratuko dute ekitaldiz betetako egitaraua. Txupinazoa, danborrada, Egan eta Trikidantz taldeen kontzertuak, pilota txapelketako finalak, moto eta patinete lasterketak, tortilla txapelketa... ohiko egitaraua izango dute udaberriko festek baina izango da salbuespenen bat edo beste. Igandea, esaterako, Itsasoaren Eguna izendatu dute. «Santa Marina auzoa itsaso bihurtu nahi dugu», diote Santa Marinako Komisioko kideek. Hori dela eta, egun horretan itsasoko pertsonaiez jantzita bertaratzeko eskatu diete festazaleei. Bestalde, bihar Araziko kideek Ni arrantzale! tailerra eskainiko diete herriko haurrei. EGITARAUA: Maiatzak 16, ostirala - 19:00. Txupinazoa, kanpai errepika eta bandera goratzea. - Ondoren. Buruhandiak. - 19:30-21:00. Musika emanaldia Egan taldearekin. - 22:00. Danborrada. - Jarraian. Musika emanaldia Egan taldearekin. Maiatzak 17, larunbata - 10:30. XXV. Santa Marina Pilota Txapelketa, Villa Manuelako frontoian. Euria eginez gero, Gaztelekuan izango da. - Ondoren. Buruhandiak. - 11:30. Jalgi dantza taldearen saioa. - Ondoren. Muxikoak Alaken taldearekin. - 13:00. Helduentzako Toka Txapelketa. - 16:30. Ni arrantzale! haurrentzako tailerra, Araziren eskutik. - 19:00. Poteo musikatua. - 23:00. Musika emanaldia Trikidantz taldearekin. Maiatzak 18, igandea.Itsasoaren eguna - 11:00. XXXVII. Marrazki eta Pintura Lehiaketa kalean, Hilario Epelderen omenez, Santa Marinako plazan. - 13:00. XIV. Patata Tortila Lehiaketa. 12:30ean aurkeztu beharko dira tortilak Santa Marinako tabernan. - 17:00. Haurrentzako Apaxi ipuin kontalariaren saioa. - Ondoren. Sei urte bitartekoentzat moto eta patinete lasterketa.  Bakoitzak bere moto edo patinetea eraman beharko du. - Jarraian. Buruhandiak eta txokolatada.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide