Arraio Irratikoak (Amaia Ventas/ Hitza)
Datorren maiatzaren 20an, asteartean, zortzi urte beteko dira Arraio irrati libreak FMko uhinak «okupatu» zituenetik. Urte horietan «pasadizo ugari» izan dira gela arrosan. «Zortzi pertsona, zortzi ahots, zortzi elkarrizketa, zortzi gonbidatu, zortzi albiste, zortzi kantu, zortzi hankasartze, zortzi pertsonaia, zortzi arazo.... Askotariko gaien inguruan aritu diren irratsaio ugari izan ditugu zortzi urte hauetan», gogoratu dute irrati horretako kideek. «Borroka, kezka, maitasun, ezinegon, zalantza... askoren bozgorailu izateko helburuarekin» jaio zen Arraio, eta oraindik ere asko dutela egiteko ohartarazi dute: «Ari gara».
Irratia tresna «oso baliagarria» dela diote, eta herritarrek kontuan hartzea nahi dute: «Denon eskura dagoen tresna bat dugu eta denok dugu zer esana, zer egina. Egun, musika, kirola, zinema, gaurkotasuna eta borroka askotarikoak jorratzen dituzten irratsaioak ditugu entzungai herritarren ahotik. Guztiak borondatez, askotan ahotsik ez duten eragile zein norbanakoei Arraio irratiko mikro libreak eskaintzen».
Aurtengo berrikuntza nabarmenena uhinen hedapena dela aurreratu dute: «99.3a sintonizatuz, ez soilik Zarautzen, Getarian, Aian, Aizarnazabalen, Oikian, Meagan eta Iraetan ere entzun daiteke. Uhinen zabalkuntza honek herri horietako biztanleei aukera ematen die irratia entzun eta parte hartzeko». Arrosa sarea ere aipatu dute, Euskal Herriko irrati libreen elkargunea: «Sare honen bidez, irratsaio ezberdinak elkartrukatzeko aukera dugu, eta hainbat irratsaio izaten ditugu entzungai aste osoan zehar Arraio irratiko eskaintza osatuz».
Urtemuga ospatzeko, egitarau zabala prestatu dute. Asteartean bertan, esaterako, urteurreneko irratsaio berezia egingo dute 20:00-22:00 bitartean. Hilaren 22an, ostegunean
Hala Bedi irratiak 30 urte dokumentala emango dute 19:00etatik aurrera. Hurrengo egunean
SOStemible antzezlana ikusteko aukera izango da, 22:30etik aurrera. Bi ekitaldiak Putzuzulon izango dira.
Larunbatean eskenatokiz aldatuko dute, eta Zelai Ondoko bolatokian Gipuzkoako boto txapelketa girotuko dute irratiko kideek, 11:00etatik aurrera. 14:30ean herri bazkaria egingo dute Putzuzulon, zazpi euroan. Eta bazkalostean Imanol Karballo bakarlariak emanaldia eskainiko du eta ondoren kalejira egingo dute.
Eguna amaitzeko, Zopilotes Txirriaos taldea eta Juanan AJ igoko dira gaztetxeko oholtza gainera.