Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ekainaren 8an egingo duten giza-katearen atariko ekitaldia prestatu du Azkoitiko Gure Esku Dago dinamikak biharko, larunbaterako. Giroa berotzen hasteko asmoz, herriko kirol, kultur eta gizarte eragileek hartuko dute parte, erabakitzeko eskubidea ardatz izanda. Hala, dantza, bertsoak, musika, antzerkia eta kirola uztartuko dituzte herriko kaleetan zehar egingo duten kalejiran, eta herritarrak beraiek izango dira protagonistak, «Gure Esku Dago herri ekimen bat delako, herriak duelako protagonismoa», antolatzaileen esanetan.
Askotariko emanaldia izango da, eta Balda plazan hasiko da, 12:30ean; lehenengo, Ixabel Jauregi Xabier Munibe Ikastolako irakasleak idatzi bat irakurriko du, eta ondoren Bizkargi Musika Eskolako helduen dantza taldeak eta Txalkor Txistulari Taldeak ikurrinari gorazarre egingo diote, Ikurrinaren Dantzarekin. Bi talde horiek ez ezik, nahi duten guztiek egin ahal izango dute dantza hori.
Emanaldia Balda plazan hasiko bada ere, herrian zehar ibiliko dira parte-hartzaileak. Dantza egin ondoren, Azkoitiko zenbait trikitilarik Plaza Berria girotuko dute, eliza atarira iritsi arte. Han, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kideek hartuko dute lekukoa. Guztiak batera joango dira plazara, eta Kontzejupean amaituko dute emanaldia; txapalartariek, Anari abeslariak, Koldarrak Antzerki Taldeak eta Anaitasuna Futbol Taldeko eta Iraurgi Saskibaloi Taldeko hainbat jokalarik hartuko dute parte. Amaitzeko, Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak idatzi bat irakurriko du, eta Gure Esku Dagoren abestia kantatuko dute guztiek.
Ekitaldi «xume» honen bitartez, ekainaren 8an Durangotik Iruñera egingo duten giza-katera joatera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. Azkoitiak giza-kateraren 45. kilometroa osatuko du, eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dute egun horretan, «nazio bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako, gure etorkizuna gure esku dagoelako eta herritarren garaia delako». Azkoitiko taldeak gogoratu du larunbatero egoten direla giza-katerako metroak saltzen, eliza atarian. Internetez ere eman daiteke izena.
Zestoan taldeko argazkia
Zestoan, bestetik, taldeko argazki bat aterako dute, bihar, maiatzaren 24an Zestoan bertan ospatuko duten Gure Esku Dagoren egunerako deialdia egiteko asmoz. Herritarrek, bideoan parte hartu duten zenbaitek eta Gure Esku Dago dinamikaren herriko taldea osatzen dutenek Ekaingo kobaren aurrean aterako dute argazkia.
Horrez gain, jakinarazi dute ehun lagunek erosi dutela metroa Zestoan, baina gehiago behar dituztela, eta horregatik, lehenbailehen erosteko deia egin die mugimenduak herritarrei. Astebururo egoten dira kalean metroak saltzen.