Estitxu Fernandez eta Xumar Altzugarai (Olatz Prat/ Hitza)
Urtebete eman dute Xumar Altzugaraik (Lesaka, 1985) eta Estitxu Fernandezek (Lesaka, 1975)
Benan, mendia arnas dokumentala ontzen; zuzendaritzaz, irudiez eta muntaiaz arduratu da Altzugarai, elkarrizketez Fernandez. Benantxio Irureta zenaren mendiko lagunak ziren, eta haren izaeraren eta mendia bizitzeko moduaren miresleak. Halaxe dira elkarrizketatu dituzten hamar lagunak ere.
Datorren ostegunean, maiatzaren 22an, estreinatuko da dokumentala, Soreasu Antzokian, Mendi Astearen barruan.
Noiz sortu zen dokumental hau egiteko asmoa?
Xumar Altzugarai: Aspaldi sortu zen, egia esan, istripua baino dezente lehenago. Benantxio duela lau urte inguru ezagutu nuen mendi irteera batean, eta ordutik irteera dezente egin genituen elkarrekin. Lehen egun hartan harrituta gelditu nintzen: alde batetik, zuen sasoiarekin eta bestetik, ezezagun batekin, nirekin kasu honetan, hasierako momentutik izan zuen tratuarekin, bere izaera eta transmititzeko modu horrekin.
Denbora pasa ahala, pentsatu nuen mendia eta ikusentzunezkoak, nire bi afizio nagusiak, uztartzea. Pentsatu nuen polita izango zela mendia bizitzeko eta gozatzeko modu hori islatzeko dokumental bat egitea. Ideia zen irteera horiekin jarraitzea, kamerarekin joan eta lagun giro hori eta ardo botila kontu horiek grabatzea, dokumentalean agertzen direnak; Benantxio izango zen ardatza, bai, baina ez zen berari buruzko dokumental bat izango. Gero istripua suertatu zen, eta momentu batean noraezean gelditu ginen, ez genekien zer egin dokumentalarekin. Baina, egun batzuk pasata, argi ikusi genuen Benantxioren inguruko dokumentala izan behar zuela.
Hamar elkarrizketa bildu dituzue dokumentalean. Nola aukeratu dituzte elkarrizketatuak?
Estitxu Fernandez: Xumarrek esan duen bezala, egia da guk Benantxio azken lau urteetan ezagutu dugula eta ezagutu dugu berarekin garai honetan joaten zen jende multzo hori. Benantxiok, ordea, jende mordoa ezagutu du, mendia bizitzeko modu hori ehunka laguni transmititu dio eta bere bizitzako garai desberdinekin egon dira lotuta. Gu saiatu gara garai horietako bakoitza ordezkatuko luketen pertsonak topatzen. Bere familia eta lagunen artean joan gara erabakitzen zein izan zitezkeen pertsona horiek. Asko kanpoan gelditu dira, baina, nik uste dut daudenak oso garrantzitsuak izan direla bere bizitzan. Senitartekoak eta lagunak daude, eta denak berarekin mendira joan direnak dira.
Zein lokalizaziotan filmatu dituzue elkarrizketak eta bestelako irudiak?
X. A. : Elkarrizketatu bakoitzari eskatu genion aukeratzeko leku bat, Benantxiorekin lotura izango zuena edo Benantxioren inguruan zerbait iradokitzen ziona. Asko Aizarnan izan dira, logikoa den bezala, besteren batzuk hemen inguruko mendietan edo txokoetan izan dira. Horrez gain, Hernion egin zitzaion omenaldi bateko irudiak ere filmatu genituen, Aizarnan egin zitzaion omenalditxoa ere bai, eta Pirinioetan ere bai. Bestetik, urteurrenarekin batera lagunok Anetora irteera bat egin nahi genuen, omenaldi bezala, tontorrera iritsi nahi genuen eta han Benantxioren omenez topa egin. Eguraldi txarragatik ezin izan genuen tontorra egin, baina, oso gustura ibili ginen han inguruan, eta irudiak hartu genituen.
Zein da elkarrizketa horietatik ateratzen den ideia nagusia? Zer nabarmentzen da horietan?
E. F. :Guztiak bat etorri direla gauza askotan, ze nahiko nabarmenak ziren bere ezaugarri batzuk. Benantxio ezagutu zuten guztiek badakite bera mendian zer nolako umiltasunez eta naturaltasunez ibiltzen zen, eta nola transmititu zion hori edonori. Hainbeste zekien pertsona bat, horrelako esperientzia zuena... normalean mendian horrelako gauza handiak egiten dituztenak, izan hurbilekoak ala ez, urruti samar gelditzen dira edo izar bezala hartzen ditugu. Baina Benantxio horren kontrakoa zen. Guk, bi lesakarrek, mendira joaten ginenak maiz, azpeitiar talde honekin ibiltzeko aukera ikusi genuen, baina ezezagunak ziren guretzat. Eta hasieran nahiko moztuta geunden arren, Benantxiok eskuzabalik, besozabalik hartu gintuen, eta berak zekien guztia emateko prest agertu zen. Irekitasun eta naturaltasun hori denek aipatzen dute elkarrizketetan.
X. A. : Dena hitz onak izan dira, Benantxio ezagutu zuenak nekez izan zitzakeen harenganako hitz txarrik. Egia esan, elkarrizketak izugarriak izan ziren, eta dokumentalak erraz iraun zitzakeen 6-7 ordu. Baina, azkenean, aukeratu egin behar zen.
E. F.: Elkarrizketetan nabarmentzen den beste ezaugarri bat da mendia bizitzeko bere modu hori, ez zen bakarrik orain ohituta gauden mendi irteera express eta leihakortasunez betea; beretzat mendia, mendia beraz gain, lagunekin egotea zen, botila ardoa atera, urdaiazpikoa atera, txorizoa atera, egon ordubete, eta jaistea; eta jaitsi ondotik, zerbezatxo hori, tertulia hori, afari hori, eta abar. Ez zen mendia bakarrik, mendiarekin lotutako beste guztia ere bazen.
Axkiolak esaten du dokumentalean, Benantxiok ez ziola sekula eguraldiari begiratzen mendira joateko. Eguraldi txarra eginda ere Pirinioetara joan egiten zen, eta gero agian ezingo zuen mendirik egin; baina berdin zitzaion, jada han baitzegoen, eguneroko martxaz eta lanaz ahaztu eta lagunekin eta gustura egoten zen. Hori da bere filosofiaren barrenean atentzioa eman ziguna.
Zer ekarpen egiten dio dokumentalak ezagutzen ez zuenari, ezagutzen zuenari eta mendizaletasunari, orokorrean?
X. A. : Ezagutzen ez zuenari zaila da transmititzen Benantxio ezagututa transmitituko lukeen hori guztia, baina uste dut ideia orokor bat egiteko balio dezakeela. Ezagutu zuenarentzako pentsatu nahi dut betiko zerbait gordetzeko hor gelditzen dela erregistratuta. Ziurrenik egin zitezkeen gauza gehiago eta hobeak, baina guk gure bihotz guztiarekin egin dugu, parte hartu duen jendeak ere bihotz guztia jarri duela iruditzen zait eta nik uste nabaritzen dela hori dokumentalean. Pentsatzen dut jendeak eskertuko duela ekarpen hori, familiakoek, hurbileko jendeak, hainbeste ezagutzen ez zuenak eta mendizaleek, orokorrean. Azken finean, mendizaltasuna bizitzeko beste modu bat zelako, mendizaletasuna bizitzeko modu autentikoa. Dokumentalak, azkenean, mendia bizitzeko modu horri ohore egin nahi dio, eta espero dugu horretarako balio izatea.