Frontoiak zarauztarren bilgune

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko maiatzaren 16a

'Hamaika frontoi, hamaika hitz' erakusketa (Aritz Mutiozabal/ Hitza) Euskal Herriko historian frontoiak maiz izan dira gertakari garrantzitsuen nahiz herritarren egunerokotasunaren eszenatoki. «Herrigintzarako toki berezia izan dira: jolas leku, herritarren bilgune nahiz bertso saio, zinema, mitin eta antzerki agertoki, besteak beste». Zarauzko Kirol Elkartearen Pilota Sailak abuztuan antolatzen duen Patxi Zaporraren Oroimenezko Pilota Txapelketak 50 urte beteko ditu aurten, eta hori aprobetxatuz, herriko frontoiei omenalditxo bat egin nahi izan diete Hamaika frontoi, hamaika hitz erakusketarekin. Unai Bordak Zarauzko frontoiei ateratako argazkiekin atzerabegirada bat egin nahi izan dute; herriko bertsolariek, poetek eta idazleek hitzak jarri dizkiete frontoi horiei. «Frontoi bakoitzak bere olerki, bertso edo testutxoa du, eta frontoietan izandako bizipenak edo istoriak jasotzen dituzte». Idazleei askatasun osoa eman die Pilota Sailak, eta bakoitzari frontoiak sorrarazten diona azaldu du hitzez. Zarautzen garai batean 30 frontoitik gora izatera iritsi ziren.  «Gaur egun herrigunean 11 frontoi ditugu. Horietako batzuk ezin ditugu kaletik ikusi, etxe arteko patioetan egindako frontoi txikiak baitira. Goikoetxeaneko frontoia, esaterako, Santa Marina kalean dago, baina ez da kaletik ikusten. Auzolanean egin zuten frontoia, eta bertan apustuak egiten zituzten eta kaleko giroa biltzen zen han», azaldu du Manu Urbieta Pilota Saileko kideak. Pixkanaka-pixkanaka, frontoien garrantzia gutxitzen joan den heinean, horiek ere desagertzen joan dira, eta antolatzaileen ustez egun «lehiaketarako eremu» moduan ulertzen dituzte haur eta gaztetxoek. Borondatez egindako lana Hamaika frontoi, hamaika hitz erakusketa Udaberri Adinekoen Egoitzako tabernan egongo da  ikusgai maiatzaren 26ra arte, eta ondoren, Aritzbatalde Kiroldegiko frontoian jarriko dute behin betiko. «Adinekoen egoitzan aurkeztu dugu estreinekoz erakusketa, adinekoak direlako frontoiak herritarren bilgune ziren garaia bizi zutenak», zehaztu du Urbietak. Frontoien irudiez gain, erakusketaren sarreran argazki berezi bat jarri du Zarauzko Kirol Elkarteko Pilota Sailak Atzo jotako pilotakadak, bihar egin dezan bote izenburupean. «Urteetan kirol elkartean hainbat jendek egin du lana musutruk, bere borondatez. Bere historian zehar, ordea, kirol elkartea ez da kirolera soilik mugatu, herriko kultur eta gizarte arloko egitasmo ugari antolatu du eta herrigintzan eragile garrantzitsua izan da». Filosofia hori berreskuratu, eta haur eta gazteei borondatez lana egitearen garrantzia aldarrikatu nahi izan diete sarrerako argazkiarekin. Era berean, musutruk lan egin dutenei omenalditxoa egin nahi izan diete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide