Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urtero bezala, ate joka da Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako mendi astea. Igandean hasiko da Txalintxoko egunarekin batera, eta Xoxoteko egunarekin amaituko da datorren igandean, hilaren 25ean.
Aste horretarako adin guztietako herritarrentzako egitaraua antolatu dute: mendi irteerak, gaztetxoentzako eskalada ikastaroa eta dokumental emanaldiak.
Hiru dokumental, hiru istorio
Urtero bezala, mendizaletasuna bizitzeko modu desberdinen erakusleiho izango da Azpeitiko Mendi Astea, inguruko eta urruneko paisaiak ezagutzekoa.
Maiatzaren 20an, asteartean, izango da lehenengo proiekzioa. Arkaitz Astiazaranen Euskal Herriko altxorretan barrena, bizikletaz egindako itzuliaren irudiak ikusi ahal izango dira. Lagun Onak MBko lehendakari Aitor Unanuek adierazi duenez, «Euskal Herria ezagutzeko beste modu bat aurkeztuko digu».
Maiatzaren 21ean, asteazkenean izango da bigarrena, Imanol Telletxearen Uda eta negua Eslobenian eskainiko dute, Lagun Onak MBren egoitzan. «Alpeetako alderdi ezezagunena ezagutzeko aukera» emango du saio honek, izan ere, «normalean Alpeak Frantzia, Italia edo Suitza aldetik ezagunagoak dira».
Hirugarren eta azken saioa maiatzaren 22an, ostegunean, izango da, Benan, mendia arnas dokumentalaren estreinaldia, hain zuzen. Xumar Altzugaraik Benantxio Iruretaren omenez egindako lana da. 21:30ean izango da hitzordua, Soreasu antzokian.
MENDI ASTEA 2014 EGITARAUA- Maiatzak 18, igandea. Txalintxo eguna. Gaztetxoek egun guztiko ibilaldia dute, 09:00etan plazatik aterata. Erromeria egongo da egun guztian zehar.
- Maiatzak 20, asteartea. 21:00etan Arkaitz Astiazaranen emanaldia, Euskal Herriko altxorretan barrena. Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan.
- Maiatzak 21, asteazkena. 21:00etan Imanol Telletxearen emanaldia, Uda eta negua Eslobenian. Lagun Onak MBren egoitzan.
- Maiatzak 22, osteguna. 21:30ean Xumar Altzugaraik zuzenduta, Benantxio Iruretaren omenez egindako Benan, mendia arnas dokumentalaren emanaldia. Soreasu Antzokian izango da.
- Maiatzak 24, larunbata.
- 10:00-13:00, eskalada ikastaroak kiroldegian, gaztetxoentzat. Izena eman behar da elkartearen egoitzan edo sarean: www.lagunonakmb.org
- 16:30ean, Lagun Onak MBren egoitzan, gaztetxoentzako askaria eta azken urtean gaztetxoek egindako irteeretako argazkien emanaldia.
- Maiatzak 25,igandea. Xoxoteko eguna. 09:00etan plazatik abiatuta Xoxotera irteera. 12:00etan meza eta ondoren, mendian hil direnen omenez lore eskaintza eta gaztetxoei domina banaketa.