Bakardadean zehar amets baten bila

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko maiatzaren 16a

Mamadou Dia Azpeitiko Sindikatu Zaharrean hitzaldia ematen (Aiora Larrañaga/ Hitza) Urola Kostan bizi diren etorkin asko bezala, txalupa batean iritsi zen Mamadou Dia Europara. «Zortzi egunetan zehar itsasoan galduta izan eta une oso gogorrak pasa ondoren, Kanariar Uharteetara iritsi ginenean pentsatu genuen gure bidaia amaitu zela». Dena dela, Espainiara iritsi eta immigrazio lege gogorrez, lana bilatzeko zailtasunaz, hizkuntza eta kultura berriaz jabetu zenean, konturatu zen Dia bidaia hasi besterik ez zela egin, «une horretan hasten baita etorkinarentzat gizarteko parte izateko prozesu zaila». Afrikatik Euskal Herrira iritsitako herritarrak Urola Kostako herrietako paisaiaren parte bihurtu badira ere, «gizartetik at» sentitzen dira askotan. Familiari laguntzeko asmoz abiatzen dute denek bidaia luze eta gogorra, baina beren ametsa bete dela uste dutenean, «salbuespen egoeran» bizi behar dutela konturatzen dira; ametsa ametsgaizto bihurtzen da. Ildo horretatik, ametsak, errealitatea eta etorkizuna izan zituen hizpide Mamadou Dia senegaldarrak asteartean Azpeitiko Sindikatu Zaharrean. Une oso zailak bizi izan zituen Diak Europara iritsi zenean, komunitatean bizi den kultura batetik banakoa oinarri duen gizarte batean bizitzera igaro baitzen. «Bakardadea oso gogorra da», eta hori arintzeko egun 3052 izenburua duen liburua idazten hasi zen senegaldarra. «Senegaldeko kostan cayuco bat hartu eta itsasoan hil diren lagun eta senideei eskainia dago liburua. Denok amets bakar bat genuen, Europara iristea, baina bidean geratu ziren milaka gazte». Komunikabideen eraginez jasotzen dute nagusiki oparotasun eta aukerez betetako Europaren berri afrikar gazteek; Europa lurralde «zibilizatua» dela erakusten diete. «Baina, bertara iristen garen arte ez dakigu paperik ez badugu legez kanpoko pertsonak garela eta hiru urtetan zehar biziraun beharko dugula lanik edo etxebizitzarik izateko aukerarik gabe». Egoera «lotsagarria» da Diaren iritziz. Hala azaldu du: «Europa zibilizatuan pertsona batzuen giza eskubideak behin eta berriz urratzen baitira, gizarteak beste aldera begiratzen duen bitartean». Etorkizuna Senegalen Legez kanpokoak izanik, Europan integratzeko dituzten zailtasunak oztopo bihurtzen dira afrikar gazteen egunerokoan. «Gizarteak barneratuta du kanpotik etortzen denak egin behar duela integratzeko ahalegina. Horregatik, etorkinok urrats bat aurrera eman eta bertako jendearengana iristeko ahalegina egiten ez badugu, inor ez da etortzen guregana; bertakoentzat desberdinak gara, eta beldurrarekin begiratzen digute». Senegaldarrak uste du herritarrekin zuzeneko harremana izan arte guztiz baztertzen dituela gizarteak: «Paisaia bateko parte gara, ikusten gaituzte, baina jendeak ez du gugan interesik erakusten. Ikusezinak gara». Zortzi urte sorterritik kanpora bizi ondoren, ikuspegia guztiz aldatu zaio Mamadou Diari, eta Senegalgo etorkizuna Senegalen dagoela uste du. «Senegalgo gazteek konturatu behar dute aukera asko dituztela bertan, eta proiektu horiek aurrera ateratzen lagundu behar diegu hemen jaso dugun esperientziatik abiatuta». Diak argi du Afrikako arazoen konponbidea ez dela inoiz iparraldeko herrialdeen eskutik etorriko. «Hegoaldeko herrialdeek beren errealitate eta beharretatik abiatuz proiektu berriak sustatu behar dituzte, eta Senegalgo garapena senegaldarrek egiten duten lanketatik iritsiko da». Horretarako nahikoa giza baliabide badagoela uste du, gainera. «Komunikabideek Afrikako pobrezia eta azpigarapena azaltzen dute behin eta berriz, baina Afrikan familia askok ahalegin ikaragarria egiten dute beren seme-alabak unibertsitatera joan daitezen. Herrialdearen garapena gidatu dezaketen gazte ugari dago. Beren gaitasunetan sinestea eta bultzadatxo bat falta zaie».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide