Ezkerretik hasita, Karmele Alberdi, Juan Luis Illarramendi eta Antonio Jansa. (Aritz Mutiozabal/ Sasoian.info)
[
Sasoian.info] Hirugarren adinekoei zuzendutako Senior Games 2015-2016 nazioarteko topaketak egingo dituzte Zarautzen, datorren urteko apirilean. Topaketa hauek zonaldeka egingo dituzte estatu osoan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Errioxako multzoaren egoitza izango da. Juan Luis Illarramendi alkateak aditzera eman duenez, «egitasmo interesgarria izango da herriarentzat».
Hiru astez, apirilaren 6tik 26ra bitartean, hainbat jarduera eta ekitaldi antolatuko dituzte; etaparte-hartzaileek honako diziplinak landuko dituzte: billarra, mahai-tenisa, musa, igeriketa, bolo jokoa, txirrindularitza, petanka, patinajea, golfa, tenisa, futbola, areto futbola, arku tiroa, dantzak eta orientazio proba, hain zuzen ere. Topaketak irauten duen bitartean azoka egongo da, eta bertan hitzaldiak, tailerrak eta emanaldiak egingo dituzte.
Kirolaren eta osasunaren esparruan ez ezik, ekitaldiak turismoan eta ostalaritzan ere eragin nabarmena izango duela gaineratu du Zarauzko Turismo zinegotzi Karmele Alberdik. Kirol Jardueren eta Jarduera Soziokulturalen Europako Elkartearen ekimenez antolatuko dituzte topaketak. «Haiek egitasmoaren berri eman zigutenean, oso erakargarria iruditu zitzaigun, eta, alde horretatik, asko irabaziko zuela».
Senior Games 2015-2016 nazioarteko topaketetarako urtebete falta baldin bada ere, aurrerapen gisa eta pizgarri moduan, irailaren 27an adinekoen hondartzako arrantza lehiaketa antolatu dute.
Adinekoak bai, zaharrak ez
«Helduak garen arren, oraindik asko dugu egiteko eta erakusteko». Mezu horrekin aurkeztu du elkarte antolatzailearen presidente Antonio Jansak topaketen filosofia. «Guztiok baikorrak eta gogotsuak izan nahi dugu hirugarren adinean, hau da, senior garenean. Adinekoa banaiz ere, ez naiz zaharra sentitzen».
Azaldu du egitasmoarekin lanean hasi zirenean proiektuan sinetsi zuen lehena izan zela Zarautz, eta horrexegatik izango dela topaketen etxeetako bat. Guztira, 17 dira Espainiako estatuan finkatu dituzten egoitzak, eta milaka lagun bilduko ditu. Zonaldekako probak jokatu ondoren, final nagusi bat jokatuko dute oraindik zehazteke dagoen hiri handi batean. Bestalde, estatuko topaketen data beretan Italian eta Portugalen ere egingo dute Senior Games egitasmoa, kirol diziplina berekin. Herrialde bakoitzeko final nagusien ondoren, 2016ko apirilean hiru herrialdeen arteko topaketa egingo dute.
Olinpiar Jokoen antzeko zerbait izan arren, definizio hori saihestu nahi dutela argitu du Jansak, izenak berak «beldurra» sorrarazten duelako eta egitasmoaren helburua adinekoen parte-hartzea sustatzea delako .