Langabeentzako aldi baterako 25 lanpostu sortuko dituzte Urola Erdian

Ane Olaizola 2014ko maiatzaren 15a

Iñaki Portilla Azpeitiko Udaleko industria, lan eta turismo zinegotzia eta Urrategi Alberdi Azkoitiko alkatea, gaur, prentsaurrekoan
(Azkoitiko Udala) Urola Erdiko udalek 25 langabetu kontratatuko dituzte, horietatik 21 Enplegu Planaren barruan, eta gainontzekoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzei esker. Egungo egoera ekonomikoari aurre egin nahian, langabeziari aurre egin eta enplegua sortzea "lehentasuna" dela esan dute udalek, eta horretatik abiatuta sortuko dituzte aldi baterako lanpostuak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzei esker guztira 14 lanpostu sortuko dituzte, eta horietatik hamar kontratatuta dituzte dagoeneko; Azpeitian eta Azkoitian hiruna lagun ari dira lanean, eta Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan beste bana. Orain, Iraurgi Berritzenen bidez kontratatuko dituzte lau langile; bost hilabetetarako lanpostuak izango dira, eta lanaldi osoan arituko dira. Izena hilaren 23ra bitartean eman behar da, Lanbiden. Honako lau lanpostu izango dira Iraurgi Berritzenenak; Kidetuz egitasmoko teknikari laguntzailea, enpresa berrien kontsolidaziorako teknikari laguntzailea, hirigintzako eremu lanetarako teknikari laguntzailea eta herri lanetarako peoia. Lanpostu hori betetzeko Azpeitiko Udalak 26/2013 foru dekretuaren arabera egindako hautaketa prozesuarekin, itxaron zerrendan geratu zirenen hurrenkera errespetatuko da. Bailarako Udalek duela bi urte hasitako Enplegu Planaren barruan, berriz, beste 21 lanpostu sortuko dituzte, horiek ere aldi baterakoak. Udalen, Iraurgi Berritzenen eta Urkomeren bidez egingo dira kontratazioak. Eko Bailara proiektuaren barruan zortzi lagun hartuko dituzte, sei jasangarritasunaren arloan kontzientzia soziala sortu eta bailarako baliabideak balioan jartzeko, eta beste bana lehen sektorekin produktuen kontsumoa sustatzeko eta turismo sailean aritzeko. Hiru lanpostu Fabrika Tu proiektuaren barruan sortuko dituzte; langile horiek ingenieritza teknikoan edo goi mailakoan lizentziadunak izan behar dute, eta euren lana izango da bailarako ehun industrialaren lehiakortasun gaitasunak identifikatzea eta teknologia asistentzialean eta garbietan dauden aukerak aztertzea. Beste hiru lanpostu Teu Tic egitasmoaren barruan sortuko dituzte; horietatik bik Iraurgi Berritzenen online bidezko plataforma kudeatuko dute, eta besteak Azkoitiko Udalaren gizarte zerbitzuen informazioa kuadeatzeko sofware programa garatuko du. Beste bi langabetu Forma Teu Nazioartea proiektuan lan egiteko hartuko dituzte; horiek, enpresen nazioartekotze eta kudeaketa komertzialean arituko dira, eta enpresa txikiei irtenbide praktikoak emango dizkiete. Lanpostu bat, berriz, UrolEkin proiekturako sortuko dute, eragile desberdinen arteko elkarlana sustatu eta ekintzeiletasun giroa sortzeko. Azkenik, lau lanpostu Azpeitian sortuko dituzte; bat gizarte langile izateko eta besteak etxe brigada eta etxebizitzen erreabilitazio lanetan aritzeko. Enplegu Planaren barruko lanpostuetarako izena eman daiteke dagoeneko. Zenbait postuetarako mugatua da izena ematea, eta beraz, interesa duenak lehenbailehen jo beharko du Lanbidera eta Azkoitiko eta Azpeitiko enplegu orientazio zentroetara. Han jasoko dute informazio zehatza. Bailarako udalek gogoratu dute krisiak bailara "bereziki" jo duela; apirilean %14,1 langabetu zeuden Urola Erdian, eta horri aurre egiteko "ahaleginetan" ari direla esan dute; "sozioekonomia alorrean udalaren eskumenak mugatuak izanagatik, bailarako udalek enplegua sustatzeko gure esku dauden baliabide guztiak erabiltzeko konpromisoa hartu genuen orain urtebete, eta Enplegu Plana ere jarri genuen martxan". Hainbat kontratazio egin dituzte ordutik, eta enplegu eta hezkuntza orientazio zerbitzuak zabaldu dituzte Azkoitian eta Azpeitian. Ekintzailetasuna sustatzeko diru-laguntzak ere onartu berri dituztela jakinarazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide