Datorren astean, igandean izango dira Europako Parlamentua aukeratzeko hauteskundeak; bai behintzat Espainiako estatuan. Izan ere, herrialde batzuetan ostiralean bozkatuko dute, eta beste batzuei larunbatean tokatuko zaie botoa ematea. Kontuak kontu, hemen badago non aukeratu. 39 proposamen edo zerrenda aurkeztu dituzte era guztietako alderdiek.
Zumaiar bat botoa ematen 2012an Eusko Legebiltzarra aukeratzeko (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Urola Kostako bizilagunak ere badaude zerrenda horietako batzuetan. Azpimarragarriena Josu Juaristi azkoitiarraren presentzia da. Izan ere, Gara egunkariko zuzendari ohia
EH Bilduren zerrendaburua da. Alderdi hori ez da bakarrik aurkeztuko hauteskundeetara: BNG alderdi galiziarrarekin koalizioan doa. Juaristiren zerrendan agertzen dira Jose Luis Otamendi Etxabe azpeitiarra eta Gurutze Etxeberria Iraola zarauztarra ere. 20. postutik atzera ageri dira biak, dena den. Gauza bera gertatzen da UPD alderdiko eskualdeko zerrendakideekin ere. Manuel Agirre Sarasua azpeitiarra alderdi horretako zerrendako 25. postuan ageri da.
EAJ alderdia ere koalizioan aurkeztuko da (EAJ, CiU, CC eta Compromiso por Galicia). Orain bost urteko hauteskundeetan EAJk jaso zuen boto gehien Urola Kostan. Haren ondoren, Iniciativa Internacionalista-Herrien Elkartasunak eta PSOEk lortu zuten boto gehien. Hala ere, 2009ko hauteskundeetako protagonista nagusia abstentzioa izan zen: herritarren gehiengoa ez zen hauteslekuetara gerturatu eskualdean. Abstentzioa %59,30ekoa izan zen. Aurtengo hitzordua maiatzaren 25ean izango da, eta eskualdeko emaitzak momentuan ikusteko aukera emango du HITZAk, webgune honen bitartez nahiz sare sozialetan.