Juanjo Alvarezek (Zumaia, 1964) ez du askorik sinesten Europako Parlamentuan. Bai, ordea, Europan, benetako batasun batean. Horregatik, «askorako balio ez badu ere», maiatzaren 25ean botoa emango du Europako hauteskundeetan. «Arduratsu jokatuta lasai geldituko naiz, eta gero nire iritzia ematen jarraituko dut, eta aldaketak eskatzen». Badaki zerbait gaiaz. Ez alferrik, Europako Kontseiluan aholkularia da zuzenbideko arlo batzuetan. Zuzenbide pribatuan katedraduna da eta EHUko irakaslea, eta
Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuko kidea ere bada. Hain justu, erakunde horrek antolatuta, Europako hauteskundeen harira zenbait hitzalditan parte hartu du azken asteetan.
Juanjo Alvarez, Europako gaietan aditua (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Herritarrek zuzenean aukeratzen duten Europako instituzio bakarra Parlamentua da. Hori kontuan izanda, Europako Batasuna demokratikoa dela esan al dezakegu?
Formalki demokratikoa den instituzio bakarra Parlamentua da, bai. Nire ustez
Europako Batasunaren legitimitate eta legitimazio formal saiakera bat besterik ez da; edukirik gabeko erakunde bat. Badirudi Parlamentuak zeresan handia duela, garrantzia duela. Baina garrantzia hori prozedurari lotutakoa da. Izan ere, Europako Kontseiluaren eta Parlamentuaren artean talka bat badago, Kontseiluak du lehentasuna. Parlamentuak ez dauka benetako gaitasunik proiektu europarra lideratzeko.
Eta Europako Kontseilua ez dute herritarrek aukeratzen.
Europako Batasuna osatzen duten 28 herrialdeetako lehen ministro edo estatuburuen erreprodukzioa da. Eta ez da ezer egiten Kontseiluaren baimenik gabe; hor dago agintea. Hor ere estatu batzuek eta besteek botere desberdina dute, noski; Merkelek du batez ere. Europa batuaren aldeko politologo batzuek diote Kontseilua jada aukeratua izan dela, baina estatu bakoitzeko demos-ak, subjektu politikoak, aukeratu du. Baina Europa benetan politikoa eduki nahi baduzu, demos benetan europarra, herri europar bat, honek ez du balio. Ikuspegia oso desberdina da.
Europako Parlamentuak ba al du eskumenik zerbaitetan?
Aurrekontuari betoa jarri diezaioke. Egin dute legealdi honetan, hau da, gelditu, eta esan beste bat aurkezteko. Horrez gain, estatu bakoitzeko komisario bakoitzak hemizikloan aurkeztu behar du bost urtetarako bere proposamena. Behin bakarrik bota dute atzera komisario bat. Buttiglione, Berlusconiren gobernukoa. Emakumeak etxera bueltatu behar zuela eta halakoak esan eta berretsi zituelako ez zuten onartu. Italiak beste bat jarri zuen eta kito.
Europako Komisioko presidentea ez al du erabakitzen Parlamentuak?
Ez. Guk lehendakaria aukeratzen dugunean, hauteskundeak ez dira lehendakaria aukeratzeko, Eusko Legebiltzarra aukeratzeko baizik. Europako hauteskunde hauetan, ordea, ez dugu aukeratzen Europako lehendakaria. Eta esaten ari zaizkigu presidentea aukeratzea Parlamentuaren emaitzen ondorio izango dela, eta ez da egia. Aita Santuaren aukeraketarekin du antz gehien Komisioaren presidentea aukeratzeko egun dagoen sistemak. Ezkerrak irabazi ditzake hauteskundeak, modu generikoan hitz eginda, eta erraz asko jar dezakete Europako Komisioaren buru kontserbadore bat, Kontseiluan eskuina nagusi delako-eta hala da- ezkerraren aurrean.
Europako Kontseiluaren boterea aipatu duzu lehen. Eta Europako Komisioari buruz, zer esango zenuke?
Formalki, exekutiboa da, gobernua. 28 estatu daudenez, 28 ministro ditu. Estatu bat sartzen den bakoitzean aulki bat gehiago jartzen da. Beraz, ez da egia estatuengandik banandutako exekutibo europarra denik. Erreproduzitu egiten ditu 28ak Kontseiluan, 28ak Komisioan, eta baita Luxenburgoko Epaitegian ere. Estatu bakoitzak epaile bat jartzen du. Horra ez da iristen inor zuzenbide europarrean egindako meritu ikaragarriengatik; kriterioa, juridiko-tekniko-politikoa da modu eufemistikoan esanda.
Parlamentuaren papera hutsala izan arren, hauteskunde hauetan herritarrek botoa eman egin behar dutela uste duzu.
Kontraesankorra dirudi, baina uste dut merezi duela Europari buruz norberak duen proposamekna jaurtitzea alderdi baten bidez. Gero eta zailagoa da, debatea nazionalizatu egiten delako, europartu beharrean. Ez dago benetan Europari buruzko debaterik. Ez dago europar zerrendarik ere. Ez dago iritzi publiko europarrik ere. Adibidez, Europako Komisioak hankak gelditu dizkio
Press Europ komunikabideari.
Eta zuretzat zer ekarpen egin du komunikabide horrek?
Egunero herrialde bakoitzean albiste zena 21 hizkuntza ofizialetan publikatzen zuen publikazio bakarra zen. Prentsa artikuluak bildu eta saiatzen zen Europako hiritar bati erakusten gaur Austrian zertaz ari diren hizketan, Herbeeretan zein den arazoa… Nolabaiteko kontzientzia europarra izateko tresna zen. Bada, Komisioak diru laguntzak kendu dizkio nazioz gaindiko kazetaritza-media proiektu bakarrari.
Zergatik?
Oso kritikoa izan delako Komisioarekin. Europa batuaren aldeko linea oso markatua zuen komunikabideak. Ez zuten artikuluen bilketa soil bat egiten; irakurleen parte hartze oso indartsua zuten, gai interesgarrien inguruan eztabaidak pizten zituzten, eta hauteskunde hauetarako lau hilabete falta zirenean, diru laguntza amaitu zaie. 48 mila milioi euro badituzu nekazaritza politika komunitarioarentzat, baina ez dituzu 500.000 euro proiektu zehatz bat defendatzeko.
Nola ikusten duzu Europako Batasuna gaur egun?
Nik dudan irudipena da, eta hauteskunde hauek ez dute aldatuko, zabaltzea gailendu zaiola integrazioari, eta Europaren kontzeptu politikoa disolbatu egin du. Estatuei interesatzen zaie subiranotasunaren zati bat uzten dutela irudikatzea, edo interesatzen zaiena uztea, baina Europaren eta estatuen artean ez dadila ezer egon, lautada handi bat baino ez. Demokrazia falta dago lehen esandakoagatik, baina baita hiritartasun europarrari dagokionez ere, ikaragarrizkoa, gainera.
Zertan nabaritzen duzu?
Europarrak izan nahi dugula uste dut, baina gehiago sentitzen gara europar, Europako hiritar baino. Niri izugarri gustatuko litzaidake identitatea Europan aurkitzeko aukera izatea; ia-ia apatrida izatea banderei dagokionez. Batasunean, barruan hartzen dira herri, nazio eta estatuak, eta hori aurreikusten zuen Europako Konstituzioak ere: bertan beharrezkoa zen herri bat egotea, Europak batasun politiko bezala ezin duelako jaio maiatzaren 25eko hauteskundeak bezalako zerbaitetik. Ia ekintza propagandistikoa izango dira hauteskundeak.
Europako Konstituzioa bi herrialderen ezezkoak gelditu zuen.
Frantziak eta Herbeherek ezezkoa esan zutenerako, 480 milioi europarretatik 300ek baino gehigok baiezkoa esana zuten; batzuek pertsonalki erreferendum bidez (Espainian, kasu), edo beren gorte nazionalen bidez. Gehiengoak baietza emana zuen, eta Europa federal bat bagina, kontzeptua ez litzateke estatuko zirkunskripzioa, benetako kontzeptu europarra baizik. Baina oso interes gutxi dago hori horrela izan dadin.
Noruntz jo behar luke Europako Batasunak? AEBen sistemaren aldera, edo badago Europako Batasunari aplikatzeko moduko beste eredurik? Agian bere ezaugarrien araberako eredu berri bat sortu behar litzateke?
Niretzat Europaren akats handia da estatu baten estruktura kopiatu nahi izatea. Ez dio begiratu behar huts egin duen antolakuntza politiko eredu bati. Europak berak defendatzen du koordinazioa goiko mailan egin arren, herritarrarenganaino gerturatu behar dela erabakiak hartzerakoan. Uste dut argi dagoela zer ez duen izan behar Europak, eta beraz, Europa barruan estatuak ezin du izan unitate erabakigarria. Eta nazioez gaindiko erakundeetan beto eskubideak ere ez du tokirik eduki behar, beto eskubidea dutenek porrot egiten dutelako.
Adibiderik?
Nazio Batuek porrot egin dute. Bere izatea beharrezkoa da, arlo askotan funtzio oso onak betetzen ditu, baina inoiz ez ditu gauzak aldatuko munduan, nahikoa delako 200 estatutik bakar batek hatza jasotzea. Europako Batasunean gauza bera gertatzen da. Maltak ezezkoa esaten dio itsasoko flora eta fauna babesteari, eta 400.000 maltarrengatik 380 milioi europarrok isildu egin behar dugu, beto eskubidea dagoelako.
Zer proposatzen duzu zuk?
Nik uste dut eredu federala eta eredu amerikarra primerakoa litzatekeela Europarentzat. Europako Banku Zentrala Estatu Batuetako Erreserba Federala balitz, eta gaitasuna balu ekonomia aktibatzeko behar denean… Europako Grezia Estatu Batuetako Kalifornia da, baina aurrera doaz Estatu Batuek egiten duten moneta politikak eta ekonomia politikak ahalbidetzen duelako. Hemen, federalaren hazia sortzen ez badugu ez dugu egingo, eta horretarako modu bakarra, niretzat, da tren horretan zeinek etorri nahi duten ikusi eta horren aldeko apustua egitea. Ezinezkoa da 28ko Europa bat; interes kontrajarriak daude, ezingo da aurrera eraman.
Zer esan nahi duzu?
Europako Batasuna sortu zenean ere, EEE Europako Ekonomia Erkidegoa, horren paralelo sortu zen EFTA Europako Merkataritza Librerako Elkartea. Merkataritza librea baino zerbait gehiago nahi zuten herrialde batzuek: Alemaniak, Frantziak, Italiak, Belgikak, Luxenburgok eta Herbeherek. Ingelesek sortu zuten bigarrena, aduanetan oinarritutakoa. Eta ia guztiok pasatu ginen bigarrengo horretatik, EEEra, Europako Batasunera. Uste dut berriz hasierako maila horretara itzuli behar genukeela, bakoitzak erabakitzeko letxugak eta tomateak trukatzeko azoka handi hori bakarrik nahi duen, ala benetan batasun politiko bat nahi duen.
Zirt edo zart egin behar da, hortaz, zure ustez.
Bai. Egon daitezela nahi dutenak egon, eta uzten dutenak eta gero itzuli nahi dutenak, egin dezatela hori. Europako Batasuna utzi nahi dutenak utz dezatela, eskubide osoa dute irtetzeko. Baina inertzia honekin jarraitzea… Hiru aukera daude: honela jarraitzea eta hemendik bost urtera hauteskunde hauetaz berdin-berdin jardungo dugu, gauza honetaz; atzera egitea, eta bueltatzea hesiak jartzera, estatu monetetara, eta horrek ekonomiak apurtuko lituzke eta uste dut ez dela alternatiba; eta behetik gorako eraikuntza egitea, esan dudan hori saiatuz. Estatuak kendu gabe, ezinezkoa delako, baina protagonismoa gutxituz haiei. Benetako erabakiguneetan ere gutxituta dute protagonismoa, baina hortik behar luke bideak. Konplikatua dela uste dut, eta generazio errelebu bat eskatzen duena.