Xabier Gantzarain, Olatz Aranguren eta Imanol Mujika, atzo, bekaren irabazlearen aurkezpenean. (Ane Olaizola/ Hitza)
Matadaixe ardatz hartuta, herriko historia jasotzeko beka abiatu zuen Azkoitiko Udalak otsailean, eta aurkeztu diren lanetatik Olatz Arangurenen proiektua aukeratu du epaimahaiak. Irabazleak Matadeixe eta herria lotuko ditu, Azkoitiak azken mendean izan duen bilakaera kontatzeko. «Eraikinaren historia aztertu eta aldi berean herriaren bilakaera ekonomiko, historiko eta sozialarekin lotuko dut», azaldu du Arangurenek. Hala, Matadeixe, hango jendea eta herriaren bilakaera kontuan hartuz, historia soziala landuko du Historian lizentziatuak. Irabazleak 6.000 euro jaso ditu, eta urtebetean gauzatuko du proiektua.
Aurten 100 urte bete ditu Matadeiko eraikin berriak, eta horren harira abiatu dute proiektua; irabazlea jakitun da herriak aldaketa ugari bizi izan dituela azken mendean, baita Matadeixek berak ere. Hori guztia biltzeko, hiru ardatz izango ditu lanak; lehenengo ardatza eraikina bera izango da. «Eraikina animaliak hiltzeko lekua izan zen hasieran. Zentzu horretan, baserrietarrekin zeukan harremanean sakonduko dut, historia soziala egiten joateko». Bigarren ardatzean herriak azken mendean bizi izan dituen garai desberdinak aztertuko ditu, besteak beste ekonomikoki egon diren aldaketak kontuan hartuta. Azkenengoan, berriz, Matadeiko azken 18 urteetako kultur jarduera eta batzarretan oinarritutako mugimendua landuko ditu.
Arangurenek hainbat iturri erabiliko ditu bere lanketan, eta handik sortutako materiala ezagutara eramateko asmoz, hainbat bide proposatu ditu, bekaren emaitzetako bat, hasiera batean, liburua kaleratzea bazen ere: «Liburua argitaratzeaz gain, blog bat zabaltzea, ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoak egitea edo erakusketaren bat antolatzea interesgarria izango litzateke, herriak hori guztia jasotzeko aukera eduki dezan».
Hiru lan, hiru ideia
Amagoia Gurrutxaga kazetariak, Jose Luis Otamendi idazle eta historia irakasleak eta Imanol Mujika udaleko artxiboko teknikariak osatu dute epaimahaia. «Gaiaren zabaltasunak aukera ugari ematen zuen askotariko lanak aurkezteko, eta halaxe izan da», nabarmendu zuen Mujikak. Izan ere, hiru lagunek aurkeztu dituzte proiektuak, eta bakoitzak ikuspegi zehatz bat proposatu du. Udalaren esanetan, zaila izan da aukeraketa. «Bi bileren ondoren Olatzen proiektuarekin bat egin genuen, bekaren hasierako asmoa lantzen duelako. Mataidexen eta herriaren bi elementuen artean, eremu desberdinen artean egon den bilakaera egitea zen gure helburua. Aldaketak baino, horien prozesua azaltzea zen asmoa, eta Olatzen lanak ondo heltzen zion horri».
Izan ere, Mujikaren ustez, «eraikinaren eta hango jendearen bilakaera ezin da aztertu, herriarena eta herritarrena kontuan hartu gabe». Xabier Gantzarain udaleko Kultura zinegotziak, bere aldetik, bekara aurkeztu direnen ahalegina eskertu du. «Jende gazteak aurkeztu ditu proiektuak, lan interesgarriekin eta ideia onekin».
Herriaren ehun urteko «lan akademiko eta ofizial» bat egin beharrean, herriko pertsonaia ezagunen protagonismotik urrundu eta euren ahotsa entzutea «zaila» izan den pertsonen historia plazaratzea nahi izan du udalak; «herriaren historia bat nahi izan dugu».
Orain gutxi Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak argitaratu duen
Apirila eleberriarekin alderatu du proiektua Xabier Gantzarain Kultura zinegotziak: «1766ko matxinada kontatzen du nobelan, eta aurkezpenean esan zuen beti historia bat kontatu zaigula, horren B aldea azaldu gabe, ordea. Matxinaden kasuan, Ilustrazioaren onurak aipatu izan zaizkigu, baina ezer ez garai hartako jauntxoek izan zuten jarrera errepresiboei buruz». Hala, beka honen bidez antzeko asmoa izan dute, eta Matadeixen eta herriaren «ertzak» jorratu nahi izan dituzte. «Matadeixe, bere jarduera ekonomiko eta soziala ardatz hartuta, herriaren ikur izan delako». Beraz, beka honek egungo egoera hobeto ulertzen lagunduko duelakoan da zinegotzia.
«Herritarren ekarpen guztiak ongietorriak izango dira»
Arangurenek hainbat iturritara joko du bere lana osatzeko, eta besteak beste Matadeixekin lotura berezia izan dutenak elkarrizketatuko ditu. Bide horretan, herritarren laguntza eta parte hartzea beharrezkoa izango duela azpimarratu du. «Ekarpen guztiak ongietorriak izango dira». Berarekin harremanetan jartzeko,
olatx@hotmail.com helbidera idatz daiteke.