Orio Arraun Elkarteak antolatuta, Garagardo Azokaren bigarren edizioa aurkeztu da gaur, maiatzaren 14an, udaletxeko pleno aretoan. Maiatzaren 23ti 25era egingo da azoka aurten. Aurreko urteko arrakasta eta emaitza onak ikusita, aurten ere berriz antolatzera animatu dira, urteroko ohitura bihurtzeko asmotan.
Aurreko urteko bi helburu nagusi berdinekin ari dira lanean oraingoan ere. Lehena, arraun elkartearentzat dirua biltzea da. Aurrekontu osoko zati txiki bat hartzen duen arren –%1 inguru–, xox batzuk denoi ondo etortzen zaizkigula esan du Ibon Huegun, Orio AEko lehendakariak. Bestetik, iaz lehen aldia izan zen Orion halako ekitaldi bat antolatzen zela, eta herria asko girotu zen asteburu hartan; horri jarraipena ematea da bigarren helburua.
Berritasun gisa, dastatu ahal izango den garagardo aukera igo egin dela aipatzen du Huegunek. Aurten hiru komertzialekin lan egingo dute, eta hamabi garagardo desberdin egongo dira salgai. Garagardo horia, gorria, beltza eta garizkoa aurkituko ditu gerturatzen denak.
Bestalde, azokak irauten duen asteburuan zehar boluntarioki lan egiten duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiete. Iazko azokan 80 pertsona inguru jardun ziren, eta aurten ere laguntza handia beharko dute.
Egitarau zabalagoa aurten
Iazko Garagardo Azoka, proba bat bezala izan zen arraun elkartearentzat. Ondo joan zela ikusita, egitaraua indartzea izan da aurtengo xedea. Behin azokak funtzionatzen duela ikusita, kartelari kalitatea ematea garrantzitsua zen.
Maiatzaren 23a, ostirala
19:00 Irekiera ekitaldia. Mirotza sariak banatuko dira.
21:30 Xabi Arostegi DJa
23:00 Gozategi taldearen kontzertua
Maiatzaren 24a, larunbata
11:00 Herriko koadrilen arteko batel estropada. Hiru arraunlari eta patroi batez osatutako ontziak. Izen-emateak Salatxo eta Kalakari tabernatan. Azken eguna maiatzaren 23a.
19:00 Erromeria Dantzadi taldearekin
20:45 Championseko finala pantaila handian
22:30 Erromeria Dantzadi taldearekin
Maiatzaren 25a, igandea
12:00 Beteranoen traineru estropada
18:00 Orioko Heldu!, Mendaro eta Berrobi giza-proban
Egitarauari indarra eman nahian, eta kontuan izanik ostirala larunbata baino geldoagoa izan ohi dela, Gozategiren kontzertua programatu dute lehen egunerako. Beraientzako herrian jotzea berezia dela dio Asier Gozategik, eta Arraun elkarteari eskerrak eman eta bere lana txalotu nahi izan du.
Aurreko urteko prezioak eta ordutegia mantentzeko konpromisoa hartu dute aurten antolatzaileek. Pitxarra bi eurotan erosi ahal izango da, eta garagardoak bi multzotan banatuko dira: arrunta eta berezia. Ukondo errea eta saltxitxak ere egongo dira, bertan jan edo etxera eramateko. Ordutegi aldetik, 00:30 edo 1:00ak aldera itxiko da azoka.
Mirotza sariak
Kirolaren munduari lotua dauden pertsona edo taldeei sariak bat ematea erabaki zen iaz, Mirotza sariak. Aurreko urtean Oiana Blanco eta Imanol Agirretxeri eman zitzaien. Aurten gizonezkoetan Aimar Olaizolari emango diote saria, bere ibilbideagatik. Eta emakumezkoetan, Bera Bera eskubaloi taldeari emango diete, emakume kirolean egiten duten lanagatik.
Saria, lehen edizioan bezalaxe, Antxon Mendizabalek egin du aurten. Urtero eskultura desberdina egiten saiatzen dela dio Mendizabalek, elkartearen ikurra mantenduz. Aurtengo ikurra gereziondo egurrez egina dago eta bi arraunlari, Orio AEko mirotza eta arraun batek osatzen dute.
Udalaren laguntza
Maiatza ekitaldiz jositako hilabetea izango dela dio Beñat Solaberrietak. Garagardo Azokaz gain, erria txikota astea, kukuarri astea, musika eskolako ekitaldiak eta beste asko egongo dira. Udalak planteatzen duena, herriko eragile batek egindako proposamena indartzea eta baliabideak eskaintzea da.
Proiektu estrategikoaren barruan, Arraun Elkartea garrantzitsua da udalarentzat eta laguntza ematea gogo handiz egiten dugun zerbait dela dio alkateak. Herria dinamizatzeko balio izango duen ekitaldia da Garagardo Azoka, tabernari eta herriko merkatariengan isla izango duelako.
Udalak azpiegituran lagunduko dio arraun elkarteari. Plaza atontzeko lanak, toldoak, oholtza, argi eta ur instalazioak eta komunikazio aldetik laguntza emango ditu udalak.
Azoka lekuz mugituko da
Garagardo Azokaren muntaia datorren asteartean, maiatzaren 20an hasiko da. Beraz, plazan egiten diren beste hainbat ekitaldietan bezala, ostegunetako azoka tokiz mugituko da. Maiatzaren 22an, herriko plazan egin ordez ikastola aurreko plazan egingo da azoka.