Aurten, egitasmoa «indartu» nahi izan dutela azpimarratu zuen elkarteko kide Zigor Gazpiok. Guztira, hamabi garagardo mota dastatzeko aukera eskainiko dute, eta iaz bezala ukondoa eta saltxitxak jan ahal izango dira; janaria etxera eramateko aukera ere eskainiko dute. Azoka herriko plazan izango da, eta hiru egunetan 01:00ak arte egongo da zabalik.
Edatekoaz eta jatekoaz aparte, ekitaldiz eta jarduerez jantzi nahi dute azoka. Maiatzaren 23an, irekiera ekitaldiarekin bat, Mirotza Sariak banatuko dituzte bigarren urtez. Gizonezkoetan, Aimar Olaizola pilotariari emango diote, eta emakumezkoetan, Bera Bera eskubaloi taldeari. Sarituek Antxon Mendizabalek landutako egurrezko eskultura jasoko dute, 19:00etan. Estreinako egunean, Gozategi taldearen kontzertuaz gozatu al izango dute gerturatzen direnek; aurretik Xabi Arostegi disko-jartzailea ariko da.
Kirolez blai Asteburua kirolez blai bustiko da. Larunbat goziean, 11:00etatik aurrera, koadrilen arteko batel estropadak jokatuko dituzte, eta bertan 16 urtetik aurrerako edonork hartu ahal izango du. Iluntzean, futboleko Txapeldunen Ligako finala emango dute azokan bertan. Igandean, beteranoen traineru ligako bigarren jardunaldia jokatuko dute, 11:00etan. Arratsaldean, giza-proba lehia egingo dute Mendaro, Berrobi eta Orioko Heldu! taldeek.
Azoka herriko plazan antontzeko azpiegitura lanekin datorren asteartean hasiko dira. Ondorioz, astearteko azoka Orioko Herri Ikastolaren aurreko zabalgunera lekualdatuko dutela jakitera eman du Orioko alkate Beñat Solaberrietak. http://youtu.be/Mu_X_3mNEqM