Ezkerretik hasita, Igor Uria bildumen zuzendaria, Ikerne Badiola fundazioko lehendakaria, Miren Vives Almandoz museoko zuzendari berria, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako kultura saiburuordea eta Nika Lertxundi Getariako alkatea. (Egilea: Miriam Tamayo)
Gaur eguerdian Cristobal Balenciaga Fundazioko ordezkariek Miren Vives Almandoz museoko zuzendari berria aurkeztu dute komunikabideen aurrean. Gogotsu eta ilusioz beteta heldu dio kargu berriari eta orain arte museoak egin duen lana balioan jarri nahi du Vives Almandozek. "Museo garrantzitsua da Cristobal Balenciaga Museoa eta itxaropen handiak ditugu proiektuan. Aurrerantzean itxaropen horiek kudeatzea da nire lana. Une hau ez da gauzak gotik behera aldatzeko mementoa, Balenciaga Museoa balioan jarri eta indartzekoa baizik" azaldu du agerraldian.
Miren Vives Almandozen esanetan etorkizun oparoa izateko lehenik eta behin "non gauden eta zer lortu nahi dugun aztertu behar dugu. Hortik abiatuta zehaztu beharko dugu jorratu nahi dugun bidea" azaldu du. Horretarako hiru lan ildo azpimarratu ditu. Alde batetik, museoko prozesu desberdinak zuzendu nahi ditu. "Museoa gaztea da eta orain arte ahalegin handia egin da bilduma lantzeko. Dena dela, museoak beste hainbat aukera ere eskaintzen ditu eta bide horiek jorratu behar ditugu". Ildo horretan, zer hobetu litekeen eta zer lortu nahi duten hausnartuko du.
Bestetik, zuzendari berriaren iritziz, garrantzitsua da museoaren nazioarteko presentzia indarzea. "Balenciaga eta bere lana miretsia eta ezaguna da mundu osoan zehar. Dena dela, museoa ez da hain ezaguna eta Cristobal Balenciagaren izena eta marka erabili behar ditugu museoa atzerrian ezagutarazteko". Bide horretan, museoaren eta Getariaren arteko sintonia sortzea eta horretan oinarrituz plan turistikoa sortzea ezinbestekoa iruditzen zaio Vives Almandozi.
Hirugarren lan ildoa museoa eta gizartearen arteko lotura lantzea dela uste du zuzendari berriak. "Orain arte ere elkarlana Cristobal Balenciaga Museoaren ezaugarria izan da, baina moda eta kultur arloko eragileekin, herriarekin eta beste erakunde eta eragileekin elkarlana indartu egin behar dugu aurrerantzean ere" zehaztu du.