"Egia bilatzeko" hitzarmen bat sinatu dute Aranzadik eta Azpeitiko Udalak

Olatz Prat 2014ko maiatzaren 14a

AZPEITIA__OROIMEN_HISTORIKAzpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak oroimen historikoa berreskuratzeko programa bat jarri dute abian. 1936 eta 1945 urteen arteko Azpeitiko errealitatea ikertzea eta ezagutzea du xede programa horrek, «eskubide zibilen zapalketa jasan zutenen oroimena berreskuratzeko asmoz». Aste honetan hasi dira egitasmoko ekitaldiak. Astelehen arratsaldean elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakari Paco Etxeberriak. Aranzadi Zientzia Elkarteak lan asko egin du azken urteotan erregimen frankistak fusilatutako eta errepresaliatutako biktimen gorpuak lurpetik ateratzen eta urte haietan gertatutakoaren egia bilatzen. Udalaren esanetan, «udalaren betebeharra eta biztanleen eskubidea da gertatutakoaren egia ezagutzea; guztion betebeharra da Euskadiko herriaren eta Errepublikaren askatasunen defentsan duintasun-adibide bikaina izan ziren pertsona anonimo haien oroimena berreskuratzea». Hitzarmena sinatu ostean, Sanagustin kulturgunean aste osoan zabalik izango den erakusketa zabaldu zuten: Hilotzak hobietatik ateratzen. Duintasunak berreskuratzen. 1936ko gerrako hobien inguruan 2000. urtetik hona egin den ikerketa-lanaren adibide grafikoa jasotzen du erakusketa honek; hilotzak hobietatik ateratzeko prozesuaren alderdi zientifikoa nahiz giza ikuspegia erakusten ditu. Atzera begiratzeko hitzaldiak Erakusketa inauguratzearekin batera, aste honetarako antolatu dituzten hitzaldi sortako lehena eskaini zuen Paco Etxeberriak. Hilotzak ateratzeko prozesuetan ikusi eta bizitakoak kontatu zituen ikerlariak. Gaur eta bihar ere 1936ko gerraren inguruko bi hitzaldi eskainiko dituzte Aranzadi Zientzia Elkartekoek. Gaur, asteazkena, Emakumea Gerra Zibilean eta errepresio frankistaren garaian hitzaldia eskainiko du Lourdes Herrasti, elkarteko historialari eta antropologoak. Emakumea «ahaztutako biktima nagusia» izan dela uste du, eta emakumeek garai hartan jasandako errepresioa eta eskubide urraketak izango ditu mintzagai. Emakume Txokoan izango da solasaldia, 19:00etatik aurrera. Bihar, bestetik, hitzaldi-proiekzio bat eskainiko dute 19:00etan Sanagustin kulturgunean Mikel Aizpuru historialariaren eskutik. Errepublika eta Gerra Zibila Azpeitian gaiaz ariko da, izan ere, 2011n Aintzinako Azpeititik Azpeitia berrira liburua idatzi zuen; Azpeitian gerra urteetan gertatutakoa jaso zuen Aizpuruk liburu hartan. Herritarren beharra 1936ko gerran eta ondorengo urteetan Azpeitiko errealitatea zein zen ikertzea da, esan bezala, proiektu honen xedea eta, horretarako, herritarren laguntza beharrezkoa izango dela adierazi dute sustatzaileek. Jakinik gerra bizi izan zuten gehienak jadanik hilda daudela, haien oinordekoek edo herritarrek izan dezaketen edozein informazio mota bildu nahi dute zientzia elkartekoek. «Edozein informazio da baliagarria: 1936. urteko familiako argazki hori, aitonaren agiriko argazkia, amaren errazionamendu-liburuxka, sindikatuko txartela, aberriko gutuna nahiz orduko hiri-paisaiak, esaterako». Horrez gain, ahoz aho transmititu diren istorioak eta testigantzak ere dokumentatu eta grabatu nahi dituzte. «Datu horiekin guztiekin, istorio pertsonalak eta familiako gertakizunak berreraiki eta herriko historian jasota utzi nahi ditugu argitalpen baten bitartez», adierazi dute. Oroimenaren Bulegoa zabalik egongo da ekainean, herritarren informazioa biltzeko Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Azpeitiko Udalak herritarrek izan dezaketen informazioa biltzeko Oroimenaren Bulegoa deiturikoa zabalduko dute ekainean. 1936-1945 urteetan errepresioa jasan zuten pertsonei buruzko datuak eskatu eta horri buruzko informazioa eman ahal izango dute herritarrek bertan. Udal Liburutegian kokatuko da, eta asteazkenetan eta ostegunetan egongo da zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Norbaitek bertaratu ezingo balu, honako telefono zenbakira deitu ahal izango du: 699-809130. www.aranzadi-zientziak.org webgunearen edo jbuces@aranzadi-zientziak.org helbide elketronikoaren bitartez ere jar daiteke harremanetan elkartearekin. Urte osoan bilduko dute dokumentazioa, eta lan horretan lagundu nahi dutenek zabalik dituzte ateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide