Europako Txapelketarako sailkatu dira Itxas-Gaineko lau piraguista

Baleike 2014ko maiatzaren 14a

Itxas Gaineko piraguistak (Itxas Gain) Aurreko astean iragarri zuten egutegian gorriz markatuta zeukatela Espainiako Maratoi Txapelketa eta, lortutako emaitzak ikusita, helburuak bete dituztela esan daiteke. Itxas-Gainek asteburu bikaina osatu du Badajozen (Extremadura, Espainia): ia piraguista guztiak sailkatu dira hamar onenen artean, Europako Txapelketarako hiru txartel lortu dituzte, Munduko Txapelketarako bi –Xabier Osa beteranoarena aparte da–, eta urrearen distira duten bi domina ekarri dituzte etxera. Bereziki aipagarria da Imanol Barruetabeñak eta Unai Gerekak jubenil mailan K2arekin lortutakoa; nagusitasun handiarekin irabazi zuten Guadianako uretan jokatutako maratoia. Azken aurreko garraiatze eremuan lortu zuten aurrealdeko taldetxotik ihes egitea, eta bigarrenari 47 segundoko aldea atera zioten helmugan. «Erakutsi zuten besteak baino koska bat gorago zeudela; baina gurea, izenen gainetik, talde proiektua da», azpimarratu nahi du Xabier Osa beteranoak. Bera arduratzen da jubenilak entrenatzeaz, Ander Tolosarekin eta Juanma Balentziagarekin batera. «Jende askoren konpromisoa eta inplikazioa dago emaitza horien atzetik, eta guztiaren gainetik talde proiektua», azaldu du Osak. Horregatik, bereziki goraipatu nahi du jubenil mailako beste bikotea, Martin Egañak eta Unai Azkunek osatutakoa. «Seigarren izan ziren, sekulako estropada eginda. Haiena bai izan dela nabarmentzekoa. Baina baita gainontzeko guztiek egindakoa ere. Guretzat urte osoan egiten den lana da garrantzitsuena, horri ematen diogu balioa. Emaitzak horren ondorioa dira, besterik ez». Egaña eta Azkune, gainera, K1ean ere lehiatu ziren. Egaña 25. izan zen eta Azkunek 35. postuan amaitu zuen. Kadeteetan, Helene Carmonak eta Amaia Ortiz de Zaratek bosgarren postuan amaitu zuten K2an; Felix Urangak eta Mikel Casquerok, 15. postuan. Beterano mailan, Xabier Osak urrezko domina irabazi zuen. Duela lau bat urte hasi ziren lanean asteburuan Badajozen lehiatu diren neska-mutilekin. «Hau ez da urte batetik bestera lortzen», esan dute Osa eta Tolosa entrenatzaileek; «honek denbora eta sakrifizio asko eskatzen ditu, konpromiso handia. Baina ulertu behar da ezinebestekoa dela, bestela txapelketa iristen denean ez dago gutxieneko maila ematerik. Maratoia oso gogorra da, eta oso ondo prestatuta egon behar da aurre egiteko». Nazioartean aritzeko aukera Espainiako txapeldun izanik, Imanol Barruetabeñak eta Unai Gerekak Europako eta Munduko txapelketetan lehiatzeko txartelak irabazi dituzte. Irati Osa Europako Txapelketarako sailkatu da K2an, eta Mundukorako aukera Pontevedrako (Galizia) estropada batean izango du jokoan. Xabier Osa ere nazioarteko lehian izango da, beterano mailan. «Europako Txapelketa Eslovakian izango da, ekainaren 13tik 15era; eta Mundukoa Oklahoman (AEBak), irail erdialdera; orain, bidaitu ahal izateko dirua lortzea izango da erronka», diote bi entrenatzaileek. Izan ere, Eslovakiara joateko 600 euro inguru beharko ditu piraguista bakoitzak, baina Oklahomarako bidaia eta egonaldia ordaintzeko 3.000 euro behar dira. «Espainiako Federazioa piraguak garraiatzeaz arduratzen da, baina gero piraguista bakoitzak ordaindu behar ditu bere bidaia eta egonaldia». Espainiako Txapelketan lortutako emaitza bikainak Alberto Barruetabeñari eskaini nahi dizkio Itxas-Gain piraguista elkarteak. Imanolen aita da Alberto, joan den astean Azkola fundizioan erredurak izan zituen hiru langileetako bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide