Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kontuz ibili! Ea edozein dardararen batekin goitik behera eroriko den!». «Lasai, etxe honek lurrikara bat ere gaindituko luke!». Harrigarria badirudi ere lurrez, urez, lastoz eta harri txikiz egindako hormek «erresistentzia handia» dute. Egun hainbat jende bizi da lasto-buztinez egindako etxeetan, Senegalen kasu. Eta urrutira joan gabe, baita Euskal Herriko hegoaldean eta Espainian Extremaduran, Errioxan nahiz Gaztela-Leonen ere.
Ari arkitektura taldeko kideak halako bat ari dira eraikitzen Azken Portuko lorategian, herriko haurren laguntzarekin. Zarauzko Immigrazio Sailak antolatutako sentsibilizazio kanpaina baten barruan ari dira lan hori egiten, helburu jakin batekin: bizitzeko beste modu batzuk badaudela erakustea. «Afrikarrak euren jaioterritik ihesi Europara etortzen dira mundu hobe baten bila. Gure asmoa da Europako bizitzak nola eragiten duen erakustea, afrikarrek ihes egiteko behar hori izateko», azaldu du Inhar Agirrezabal Ari arkitektura taldeko kideak: «Erakutsi nahi dugu bizitzeko beste modu batzuk badaudela, etxeak eraikitzeko beste modu batzuk badirela eta guk asko dugula ikasteko. Azaldu nahi dugu munduko desoreka horiek berdintzeko ez dela nahikoa haiei laguntzea, baizik eta gure egunerokotasunaren gainean hausnartu behar dugula eta alternatibak planteatu».
Senegal barrualdeko tribuetako etxeen itxura izango du eraikuntza berri horrek: adobezko hormekin eta adarrez eta lastoz egindako teilatuarekin osatutako etxe borobila. Guztia material naturalekin egingo dute. Hala, ez du izango ormigoiaren edo mendebaldean erabiltzen diren bestelako materialen «kostu energetiko hori guztia». «Material sinplea da, etxean inguruan aurki daitekeena. Hainbat lekutan lurra izan da etxeak eraikitzeko material osasuntsua, ekologikoa eta naturala. Aukera ematen du teknika sinpleekin eta haurrekin jolastean etxe bat egiteko».
Eta horretan ari dira. Lurra, harriekin, lastoarekin eta urarekin nahastu, masa egin eta hormak eraikitzen dihardute egunotan herriko ikastetxeetako haurrekin elkarlanean. Herenegun Orokieta Herri Eskolako LH 5. mailako bi ikasgelatako haurrek lagundu zieten. Atzo Salbatore Mitxelena Ikastolakoen txanda izan zen, eta gaur, berriz, Orioko Zingirakoena. Orokietako beste hainbeste haur izango dira ostiralean, azken saioan. Guztira, Zarauzko 200 bat haurrek hartuko dute parte proiektuan.
Bizitokia ere bai
Behin paretak osatuta, Ariko lagunek jarriko diote teilatua eraikinari. Guztia prest dutenean aurkeztuko dute, jaialdi batekin. Hilaren 24an irekitzea aurreikusten dute.
Gainera, etxea ez da ikusteko soilik izango; hainbat ekitaldi egingo dute bertan, eta jendea denbora jakin batean bertan biziko da, «aipatutako kontraste hori herrian bertan ikusteko eta baliabide gutxirekin ere zoriontsu izan gaitezkeela erakusteko», zehaztu du Agirrezabalek.