Alba Menendez, Bera Berako jokalaria: "Denboraldiko helburuak bete ditugu"

Aritz Mutiozabal 2014ko maiatzaren 14a

Alba Menendez. [Sasoian.info] Bera Bera eskubaloi taldeak Liga irabazi du bigarren urtez. Larunbatean Bidebietako kiroldegian Mar Alacant taldearen aurkako partida irabazi ondoren eskuratu du garaikur preziatua. Kopa, Superkopa eta Euskadiko Kopa ere irabazi dituzte. Alba Menendez (Zarautz, 1991) jokalariak bosgarren denboraldia du taldean, eta pozarren agertu da lorpenarekin. Bigarrenez jarraian Ligako txapeldun zarete. Bietako zeinek du zapore hobea? Iazkoa Bera Bera taldearen historian lortutako lehena izan zen, eta lehena beti da berezia. Bigarrena ere oso pozgarria izan da, baina ezberdina. Oraingo honetan etxean lortutako garaipenari esker etorri da Liga. Sekulako festa izango zen hura, ezta? Zalantzarik gabe. Gainera, kiroldegia leporaino bete zen, gu animatze aldera, eta saria zaletuei eskaini ahal izan genien, denboraldi osoan eman diguten babesagatik. Zaletuen beroa oso garrantzitsua da beti, eta hori kontuan hartzekoa da. Partida parekatua izan zen hasieran, baina azkenerako alde nabarmenarekin gailendu zineten. Jokoa zenutena jakinda, gora etorri al zineten? Hala izan zen, bai. Partidako lehen zatia 14na berdinduta bukatu genuen, oso lehia parekatuarekin, baina bigarren zatian gogor ekin genion eta aurkariek lau gol baino ez zituzten lortu. Ondorioz, 33-15eko emaitzarekin hartu genituen mendean. Gure jokoa egin ahal izan genuen; hau da, serio defendatu eta kontraeraso azkarrak eginez. Denboraldia bukatu da zuentzat, orduan? Liga bukatzeko partida baten faltan, jada Ligako txapeldun gara. Asteburuan Leonen dugu azken partida. Denboraldiko helburuak bete ditugu, baina azken norgehiagoka irabaziz gero, iazko denboraldia hobetuko genuke. Izan ere, puntu bat gehiagorekin bukatuko genuke Liga. Beraz, oraingo erronka iazko kanpaina hobetzea da. Espero al zenuten horren denboraldi biribila osatzerik? Jakin bagenekien zaila izango zela. Jokalari garrantzitsu askok utzi zuten taldea, jende gazte asko iritsi zen taldera, eta entrenatzaile berria genuen denboraldi hasieran, baina lana gogotik egin dugu eta zehaztutako helburuak bete egin ditugu. Ligaz gain, Kopa eta Superkopa irabazi dituzue. Hiru titulu aurten ere! Iaz ere lorpen hirukoitza erdietsi genuen. Aurten, gainera, Euskadiko Kopa ere irabazi dugu, beraz, lau titulu dira. Euskadiko Kopa lorpen xumeagoa da, baina hori ere irabazi dugu. Taldeak bizi duen bolada onak luze iraungo al du? Espero dugu bide beretik jarraitzea datorren urtean ere. Gauzak, ordea, ez dira horren sinpleak. Badirudi bi Liga segidan irabaztea oso erraza dela, lortzeko gai izan garelako, baina lorpen hauen atzean sekulako lana dago. Maila pertsonalean zer moduzkoa izan da aurtengo denboraldia? Oso ona izan da. Aurten iaz baino minutu gehiago eduki dut kantxa barruan, eta oso pozik nago. Esan dezakegu orain pisu gehiago dudala talde barruan. Minutu gehiago jokatu ahala konfiantza gehiago zeureganatzen duzu, eta, horrela, taldeak behar zaituenerako prest zaude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide