Bost kilometro eta erdi izango ditu Kilometroak 2014 jaiaren ibilbideak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko maiatzaren 14a

Orioko Ikastolan hasita, Zakilaneko aldapatik barrena igoko dira herritarrak San Martinera. (Aiora Larrañaga/ Hitza) Izenak argi adierazten duen moduan, pausoz pauso herritarrek ibilbidean barrena egiten dituzten kilometroak dira Kilometroak jairen oinarria. Azken hilabeteetan lanketa sakona egin du horretaz arduratzen den lantaldeak, eta zehaztu dute dagoeneko Orion egingo duten Kilometroak 2014 jaiko ibilbidea. Joseba Orella antolatzaileak eman ditu xehetasunak: «Ibilbidea Ikastola aurrean hasiko da, eta Zakilaneko aldapatik barrena Oiluaneko aldapa hartu eta San Martinera iritsiko dira herritarrak; bertatik autobideko zubia azpitik pasako dute, eta Txankako aldapatik behera jaitsiko dira Abaro Mendiko aparkalekura. Handik, udal kanpineko atzeko atetik sartu eta hori zeharkatuta, hondartzara iritsiko dira. Bertatik, ibai ondotik barrena Mendi Beltz futbol zelai ondoko aparkalekura ailegatuko dira, eta aurrera jarraituta Ikastolara itzuliko dira». Denera 5.632 metro izango ditu ibilbideak, eta bost gune prestatuko dituzte herritarrek horietan atseden hartu eta adin guztietara egokitutako egitarau zabalaz gozatu dezaten. «Ibilbidea girotzeko hainbat ekimen ibiltari ere antolatuko ditugu», gaineratu du Orellak. Ibilbidea zehazterakoan hainbat erronka izan dituzte antolatzaileek. «Mugarik handiena herriaren orografia bera izan da. Proposamen bat baino gehiago aztertu dugu, baina guk errioari garrantzia berezia eman nahi izan diogu, eta horregatik, ibilbidearen zati handi bat errioaren inguruan izango da», adierazi du Orellak. Antolatzaileek badakite jaiak jendetza bilduko duela, eta horiek denak hartzeko gune eroso eta zabalak atontzen saiatu dira. Adinekoen begirada Bestetik, Kilometroak Lagunkoia egitasmoa abiatu dute. Adinekoei merezi duten garrantzia emateko modu bat da. Orio Lagunkoia eta 2014ko Kilometroak egitasmoek elkarlanean egin dute. Orio Lagunkoia adineko pertsonen, eta oro har herritar guztien parte hartzea bultzatuz herria eta ingurunea hobetzea helburu duen proiektu bat da, Euskadi Lagunkoia egitasmoaren barrukoa. Azken batean, adineko oriotarren ezagutzari eta esperientziari balorea eman nahi diote. Atzo bertan egin zuten parte hartze bilera bat Kilometroak Lagunkoia egitasmoaren barruan. Bertan, antolatzaileek Orioko hainbat irudi jarri zizkieten parte-hartzaileei, eta irudi horiek ikustean burura etortzen zitzaizkien istorioak eta esamoldeak trukatu zituzten. Bileran jasotako ideiekin eta informazioarekin osatuta, 10 informazio panel jarriko dituzte Kilometroak 2014 egunean ibilbidean zehar; horietan garai bateko Orioko irudiak, istorioak, esamoldeak eta hitzak berreskuratuko dituzte, eta oriotarrei eta bisitariei horien berri emango diete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide