Agroekologia eta autogestioari buruzko jardunaldiak izango dira Zarautzen hilaren 16an eta 23an

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 13a

Uztaro kooperatibak agroekologia eta autogestio jardunaldiak antolatu ditu, bigarren urtez. Zikloari jarraipena emanez, aurten "indarberriturik eta haize berriekin dator: "Agroekologia jardunaldiak izatetik, agroekologia eta autogestio jardunaldiak izatera igaro da. Izena eta izana bat eginez. Izan ere, krisi deritzoten honetan, geure kabuz eta autogestioaren bidetik egin nahi ditugu gauzak, eta horretan sinisten dugulako, kapitalismoaren zurrunbiloari stop egin eta alternatiba erreal gisa funtzionatzen duten hainbat proposamen ezagutaraztea da aurtengo jardunaldi hauen helburuetako bat". Saioak hainbat herritan izango dira. Zarautzen hilaren 16an eta 23an egingo dituzte. Ostiral honetan Emakume baserritarrak eta elikadura burujabetza mahai ingurua eskainiko dute. Leticia Urretabizkaia ikerlari eta emakume baserritarrak gidatuko du. " Sistema kapitalista eta patriarkal honetatik at, asko dugu eurengangik ikasteko", ohartarazi dute antolatzaileek. Datorren ostiralean, hilaren 26an Nekazal sindikalismo alternatiboa-ri buruzko hitzaldia emango du Andaluziako  S.O.C / S.A.T sindikatuko kide eta Laborantza Ganberako ordezkariek. "Langileon batasunari esker eraldaketa posible dela  oroitaraziko digute Andaluziako eta Iparraldeko gure kideek", azaldu dute antolatzaileek. Bi ekitaldiak Putzuzulo gaztetxean egingo dituzte, 19:00etatik aurrera eta sarrera doan izango da. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek Uztaroren webgunea bisita dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide