Hondakinen bilketaren inguruko informazioa eman dute (Ane Olaizola/ Hitza)
Azkoitiko Udalak kanpaina hasi du hondakinak biltzeko sistema berria gizarteratzeko. Hala, informazio bulegoa zabaldu du plazan, lehen Azkoitia Lantzen-en bulegoan zegoen tokian. Sistema mistoak herritarrei eragin diezazkieken zalantzak argitzen ariko dira hango bi hezitzaileak, egunero. «Normala da hasieran herritarrek kezkak eta zalantzak edukitzea, baina ziur gaude pixkanaka zalantza horiek uxatzen joango garela», esan dute hezitzaileek. Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak, berriz, azpimarratu du herritarrak «gai» direla «aldaketa txikiekin gauzak ondo egiteko».
Bulegoa 09:00etatik 13:00etara artean egongo da zabalik, eta astearteetan eta ostegunetan arratsaldez ere irekiko dute, 17:00etatik 19:00etara artean. Herritarrei dei egin diete «lasaitasun osoz» bertaratu daitezen. Horrez gain, udala informazio bilerak ari da egiten atzoz geroztik. «Sistema berriaren ezaugarriak eman, eta herritarren ekarpenak jasoko ditugu, haiekin adosteko hainbat puntu». Orain arte hondakin organikoa birziklatu ez dutenei zuzendutako tailerrak ere egingo dituzte datozen asteetan. Datak zehazteke daude oraindik, baina «sarri» egingo dituztela aurreratu dute. Uztailean jarriko dute martxan sistema berria, eta orduan derrigorrezkoa izango da hondakinak gaika biltzea. Aldaketa bakarra hondakin organikoa eta errefusa jasotzerakoan izango da, gainerako frakzioak (ontzi arinak, papera, kartoia eta beira) orain arteko edukiontzien bidez jasotzen jarraituko baitute. Organikoaren kasuan, txip baten bidez ireki ahal izango da edukiontzia, «herritarrak ondo egiten ari direla bermatzeko kontrol neurri bat izan dadin». Errefusari dagokionez, edukiontzi grisak kendu eta birziklatu ezin dena atez ate jasoko dute, astearteetan, 20:00etatik 00:00etara artean. Era berean, pixoihalentzat edukiontzi bereziak jarriko dituzte. Edukiontzi hori erabiltzeko beharra duen edozein pertsonak bulegoan eskatu dezake giltza.
Sistema mistoak herriguneko biztanleei eragingo die, eta landa eremuetan bizi direnentzako ekarpen guneak jarriko dituzte. Edukiontzi guztiak elkartuko dituzte gune horretan, eta txip bidez funtzionatuko du. Era berean, larrialdi gune bezala ere erabiliko dira horiek; hau da, errefusa zehaztutako orduetan atera ezin dutenek, aukera izango dute ekarpen guneetara jotzeko, udalarekin harremanetan jarrita.
Alberdik esan du sistema berria «ekonomikoki merkeagoa» izango dela, «Urola Erdiko mankomunitateak egindako azterketek hala erakutsi dutenez». Birziklatze maila igotzea izango du helburu eredu honek, orain artekoarekin «kopuru txikiak» lortu dituztelako; «herritarrek birziklatzeko aukerak eduki arren, ez genuen maila lortzen. Horren aurrean, arduraz jokatu behar dugu». Orain arteko tasak %30 ingurukoak zirenez, «kopuru hori igotzeko ikusi genuen beharrezkoa zela edukiontzi grisari ateak ixtea».
Udalak informazioarekin atal berria sortu du
www.azkoitikoudala.net helbidean.
azkoitia@urolaerdia.org helbidera idaztea nahiz 688-83 07 55 telefonora deitzea ere posible da informatzeko.